Larralde eta Gambra euripean nagusi

Guaixe 2016ko mar. 21a, 15:19

Hotza eta euria izan ziren 20. Arbizuko Duatloiko protagonistak. 216 duatletek hartu zuten parte eta 145ek lortu zuten helmugara iristea

Sakandarrak 20. Arbizuko Duatloian
1.Ioseba Larralde: 1:47:34
11.Sergio Garcia de Eulate: 1:55:44
20.Mikel Astiz: 1:57:57
30.Fco. Javier Gomez: 1:59:45
49.Urko Berdud: 2:03:19
56.Aitor Mozo: 2:04:45
66.Alejandro Zabala: 2:06:49
72.Juan Luis Maiza: 2:08:28
94.Juan Carlos Gomez: 2:13:45
103.Ivan Sobredo: 2:15:55
106.Jorge Iradi: 2:16:41
110.Mikel Lakuntza: 2:18:04
115.Borja Gonzalez: 2:19:45

Nafar Kirol Jolasak
Kadeteak
4.Mikel Arretxe: 1:03:29
Juniorrak
1.Iñigo Maiza: 59:55

Etxean geratzeko modukoa. Horrelakoa zen larunbat arratsaldeko eguraldia. Euria, haizea, hotza, lainoa… denetatik. Baina 20. Arbizuko Duatloian izena eman zuten duatletak ez ziren kikildu –228 zeuden izena emanda eta 216 azaldu ziren helmugara– eta euripean gogoz ekin zioten Arbizuko Udalak hainbat babeslerekin antolatutako proba beteranoari. 8 km korrikan, 32 km bizikletan eta 4 km korrikan egin behar izan zituzten. Proba osoan barna euria, haizea eta hotza izan ziren nagusi eta 71 duatletek proba utzi behar izan zuten. Hori izan zen Ana Casaresen kasua. Arbizukoa irabazteko faboritoenetakoa zen Casares, baina berehala utzi zuen proba, ez zen bizikleta hartzera ere iritsi.

Kadeteek eta proba herrikoian izena eman zutenek distantzia erdia osatu zuten. Bestalde, 3 bikotek proba errelebotan osatu zuten –batek txirrindularitza segmentua eta besteak korrikakoa–. Nolanahi ere, sufrikario latza pasa behar izan zuten guztiek, bizikleta segmentuan bereziki. Lizarragako portua bitan igo behar izan zuten eta albotik haize latzak jotzen zuen. Izoztuta iritsi ziren duatletak boxetara, eta asko bizikleta utzi eta zapatilak ezin jantzi ibili ziren; epaileen laguntza behar izan zuten, muskuluak bilduta, zurrunduta iritsi baitziren. Trantsizioak inoiz baino luzeagoak izan ziren.

Hala ere, Saltoki Trikideak taldeko Joseba Larralde irabazlea itxura bikainarekin iritsi zen helmugara (1:47:34. “Hotz asko. Proba polita da, baina gogorra egin da eguraldiagatik. Korrikan erritmo politarekin atera gara eta bizikletako tartea oso gogorra egin da, hotzarengatik, haize asko zegoelako goian. Azkeneko korrika saiora nahiko lanekin iritsi gara, muskularki nahiko justu. Hotza barruraino sartua geneukan” adierazi zuen Larraldek helmugan. Orbearekin bizpahiru urte txirrindulari profesionala izan zen Larralde, gero utzi eta mendian korrika egiten hasi zen eta lagun batek animatuta duatloian murgildu da aurten. Aurreko astean debutatu zuen Arangurenen. “Nahiko galdua ibili nintzen, baina Arbizukoan hobeto ibiliko nintzela banekien, distantzia luzeagoa zelako” gaineratu zuen. Nolanahi ere, hasiera bikaina egin du, parte hartu duen bigarren proban, Arbizukoan, garaile izan delako. “Ea irabaztea ote nuen buruan? Bizikletan ongi ibiltzen naiz, Arbizun, gainera, ezin da ondokoaren gurpilera lotuta joan eta hori niretako ona da. Gehienbat ongi pasatzera eta lehiatzera nentorren. “Sufritzea” gustatzen zaigu, horretarako egiten dugu kirola eta gustura geratu naiz, eta garaipenarekin zer esanik ez” adierazi zuen 30 urte dituen Larraldek. Hain zuzen ere bizikleta segmentuan lortu zuen aldea hartu eta lehen postuan geratzea. Peru Alfaro izan zen bigarrena (1:48:04) eta Txomin Osoro (1:49:30)hirugarrena. Emakumezkoetan Nerea Gambra nagusitu zitzaien, alde handiarekin, Nerea Arregiri eta Helena Alberdiri. “Banekien proba gogorra zela eta horri eguraldi txarra gaineratu zaio. Baina ni gustura geratu naiz” adierazi zuen 34 urteko txapeldunak helmugan.

Sakandarrei dagokienez, Sergio Garcia de Eulate altsasuarra izan zen azkarrena. Helmugara 11. postuan sartu zen Sakana Triatloi Taldeko kidea (1:55:44). Bestalde, kadeteetan Sakana Triatloi Taldeko Mikel Arretxe laugarrena sailkatu zen (1:03:29) eta juniorretan Saltokiko Iñigo Maiza lehena izan zen Nafar Kirol Txapelketetarako baliagarria zen distantzia erdia osatu eta gero (59:55).

Arbizuko proba Nafarroako Txapelketarako eta Euskal Herriko zirkuiturako baliagarria zen. Sari banaketa Aldabiden egin zen eta 600 euro dirutan eta makina bat trofeo eta Arbizuko produktuen loteak banatu ziren. Horretaz gain, zozketak egin ziren.

Nafar Kirol Jolasetan Iker Mintegi eta Ekain Imaz txapeldun
Goizean IV. Arbizuko Haur Duatloia jokatu zen. 115 duatleta zeuden izena emanda eta 100 inguru aritu ziren. Sakana Triatloi Taldeko neska-mutikoak primeran ibili ziren. Aurrebenjaminetan Luca Martinez bigarrena sailkatu zen eta Jon Ducar bosgarrena. Benjaminetan Ekain Imaz izan zen txapelduna, Alain Razkin bosgarrena, Atikilt Arretxe hamargarrena, Unax Gantzarain hamaseigarrena eta Aitor Aldunate hemeretzigarrena. Kimuetan, nesketan, Nahia Imaz bosgarrena sailkatu zen eta mutiletan Hegoi Lakuntza bigarrena iritsi zen helmugara eta Adrian Martinez bosgarrena. Eta, bukatzeko, Iker Mintegi izan zen haurren mailako txapelduna eta Eneko Arretxe hamabigarrena.

Aranguren
Martxoaren 13an Arangurengo Triatloia jokatu zen. Karich Moussak irabazi zuen (52:29). Mikel Astiz 17.a izan zen. Sakana Triatloi Taldekoek lan bikaina egin zuten: Sergio Garcia de Eulate 18.a, Javier Borrega 24.a, Isidro Asurabarrena 30.a, Gorka Garcia de Eulate 31.a, Jose Ignacio Mikeo 52.a, Juan Carlos Gomez 55.a, Jorge Iradi 73.a… Iñaki Gallego 94.a sailkatu zen.