Jendetza eta gozamena Sakana 4x4 Topaketan

Guaixe 2016ko api. 6a, 12:36

34 ibilgailuk hartu zuten parte eta Plasma 4x4ko Jorge izan zen txapelduna

Larunbatean eta igandean jendetza pasatu zen Arbizuko industrialdetik. Sakana 4x4 taldeak antolatuta, Sakana 4x4 Topaketa jokatu zen, urtetik urtera sona handiagoa lortzen ari den 4x4 edo todoterrenoen festa. “Aurten 34 pilotuk hartu dute parte, gehienak euskaldunak, baina baita Leondik ere etorriak. Sakandarrei dagokienez, Dorraoko Jon, Arbizuko Mikel “Ixela” eta probako emakume bakarra, Altsasuko Bego izan ditugu. Inguru hauetako pilotu onenak hurbiltzen dira Arbizura. Badaude soilik gurean parte hartzen duen pilotuak, gainontzeko probetan lehiatzen ez direnak. Kontua da 34 pilotu hauek sekulako ikuskizuna eskaini zutela zaleek bikain pasa zutela” adierazi digu Sakana 4x4ko Jose Luis Lakuntza “Rixitas”-ek.

Larunbatean Arbizuko industrialdean prestatutako zirkuitutik 2.500 zale inguru pasako zirela gaineratu zuen Rixitasek, eta igandean ere jendetza hurbildu zela. Arbizuko industrialdean 7 gune prestatu zituzten, larunbatean alde batetik bestera gainditu beharrekoak eta igandean, kontrako norabidean. “Ostegunean botatako euria zela eta, lohia, putzuak eta zuloak nonahi zeuden. Todoterrenoen maniobrak ikusgarriak izan ziren, gozatu ederra hartu zuten pilotuek” aipatu du Sakana 4x4ko kideak. Bestalde, larunbat gauean jokatu beharreko gaueko proba bertan behera utzi behar izan zuten, segurtasunagatik. “Eremua argiztatzeko generadoreak matxuratu egin ziren eta segurtasunagatik proba bertan behera utzi genuen” azaldu digu arbizuarrak.

Emakume bakarra, altsasuarra
Probari dagokionez, Plasma 4x4ko Jorge gasteiztarra izan zen irabazlea. Dorraoko Jon bosgarrena sailkatu zen, Mikel Ixela hamabosgarrena eta Bego altsasuarrari sari berezia eman zioten, proban aritu zen lehen emakumea izan zelako. Aurreko urteko garaile Josu urdiaindarra aurten ez zen aritu, antolakuntzan ibili zen. “Pilotuak ikusgarri ariu ziren eta jendea gustura geratu zen ikuskizunarekin, hori da inportanteena” nabarmendu du Rixitasek. Bestalde, txoko eta ingurune guztiak lehen zeuden bezala uzteko lan handia egin zutela gaineratu du.

Hurrengo 4x4 topaketa eta probak gertu daude. “Maiatzaren 14an Astigarragan proba dugu, ekainaren 4an Oiartzunen, eta Arbizuko festetan ere proba antolatuko dugu, ekainaren 25ean, larunbatean ziurrenik” adierazi digu Rixitasek.