Ezkurdiak goitik behera dominatu zuen Retegi Bi (12 eta 22) eta Buruz Buruko final-laurdenetan egungo txapelduna, Urrutikoetxea izango du aurkari

Joseba Ezkurdiak sekulako erakustaldia eman zuen larunbatean Labriten eta Julen Retegiri 12 eta 22 irabazi zion. Horrela, arbizuarra lehen aldiz sailkatu da Buruz Buruko final-laurdenetarako. Hain zuzen ere, Arbizuko aurrelariak Urrutikoetxea izango du aurkari final-laurdenetan.

Ezkurdiak goitik behera hartu zuen menpean Retegi Bi. Lehen tantoan parez pare ibili ziren bi pilotariak, baina banakako berdinketaren ondoren aurki aldea ateratzen hasi zen arbizuarra, eta ordutik partida guztian aurretik joan zen. Oso ongi jokatu zuen Ezkurdiak, oldarkor, baina eraginkortasun handiarekin. Partida gogorra izan zen, erritmo handikoa. 3 eta 4, 7 eta 14 eta 8 eta 18 aurreratu zen arbizuarra, eta bikain astindu zuen pilota. Retegi Bik ez zuen etsi, baina uneoro agindu zuen Ezkurdiak. Nabaria da sasoi betean dagoela pilotari sakandarra. Lasai aritu zen, kolpe bikainarekin, ez zuen behera egin, ongi kontzentratuta ibili zen eta dominatu egin zuen. Retegi Bik ongi jokatu zuen, baina Ezkurdiak bikain. Partida bukaeran egindako lanarekin pozik azaldu zen ostiralean 25 urte bete zituen arbizuarrak. Retegi Bik ere Ezkurdiaren nagusitasuna onartu zuen, baina zeuden pilotekin ez zegoela ezer gehiago egiterik adierazi zuen.

Larunbatean Urrutikoetxea aurkari
Final-laurdenetan egungo txapeldun Mikel Urrutikoetxea izango du aurkari Ezkurdiak larunbatean, 18:00etan, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Beste partidei dagokienez, Oinatz Bengoetxeak eta Iñaki Artolak jokatuko dute beste final-laurdena, ostiralean, 22:00etan, Donostiako Atano III.ean (ETB1, ntb), Iker Iribarriak eta Aimar Olaizolak bestea, larunbatean, Labriten eta gaur argituko da nor arituko den igandean, Eibarren, Juan Martinez de Irujoren kontra, Iberokoa osatzen bada, behintzat. Izan ere, Victor Estebanek eta Jokin Altunak final-laurdenetara nor pasako den, hori dute jokoan gaur, Tolosan (17:00).