Ezkurdia: “Urrutikoetxea oso konpletoa da. Baina Julenen kontra uste dut partida ona egin nuela, eta horrek autoestimua igo egiten du”

Guaixe 2016ko api. 29a, 13:00

Urrutikoetxearen kontrako igandeko final laurdenetarako prest dago aurrelari arbizuarra

Larunbatean Buruz Buruko final laurdenetako bat jokatuko dute Joseba Ezkurdiak eta egungo txapeldun Mikel Urrutikoetxeak. Atzo egin zuten material aukeraketa Bilboko Bizkaia pilotalekuan.Pilota guztiak “antzekoak, nahiko biziak” direla aitortu zuen Urrutikoetxeak.

Urrutikoetxeak adierazi zuen ez duela inolako presiorik. “Kantxara ateratzen naizen bakoitzean ahalik eta partidurik onena egiten saiatzen naiz. Hori eginez gero, ni pozik”. Iaz Buruz Burukoa irabazi zuen, ia ezustean, eta lau eta erdikoa eta binakakoa ere irabazi ditu errenkadan. Alde horretatik, bera da faborito nagusia, baina David Merino eta Julen Retegi irabaztetik sasoi bikainean dagoen Joseba Ezkurdia izango du aurkari, eta partida zaila izango du. Joseba Ezkurdia momentu onean dago. “Mikelek erakutsi du azken urte eta erdi honetan sekulako gorakada izan duela, sekulako mailan dabilela. Baina ni ere gustura ari naiz, aurrekoan Julenen kontra uste dut partida ona egin nuela, eta horrek autoestimua igo egiten du” azaldu zuen arbizuarrak. Dena den, lore ugari zituen Urrutikoetxearendako. “Oso konpletoa da, eta beti oso zentratuta egoten da. Ezker gantxoz eta ezker airez, orokorrean ez du pilotarik galtzen eta indarra ematen dio gainera, eta sotamanoarekin ere min handia egiten du” nabarmendu zuen Ezkurdiak.

Baina arbizuarrak ere baditu bere armak. Abiadura, erremateak eta indarra. Hortaz, ea final laurdena irabazi eta finalerdietara sailkatzen den Ezkurdia.