San Juanek 4x4 triala ekarriko dute Arbizura

Guaixe 2016ko eka. 24a, 12:00

Ekainaren 25ean, larunbatean, 16:00etan

Arbizuko San Juanetan aspalditik dute bere txokoa todoterrenoek. Sakana 4x4 taldeak antolatuta, Arbizu 4x4 Triala jokatuko da bihar, larunbatean, 16:00etatik aurrera, Arbizuko industrialdean. Mota guztietako trabak, putzuak eta oztopoak gainditu beharko dituzte gidariek.

Martxoan antolatutako Sakana 4x4 Topaketan prestatutako guneetatik ahalik eta penalizazio gutxien eginda eta ahalik eta azkarren pasatu behar ziren ibilgailuak. Aldiz, Arbizu 4x4 Trialean ez da denborarik ez penalizaziorik neurtzen, librea izaten da. Topaketan baino zulo handi eta pikuagoak prestatzen dira, paretak ia bertikalak dira. Hemen gidarien abilezia ikustea da inportanteena. Pilotua eta bere ibilgailua daude eta zulo handi horietatik ateratzea, hori da kontua. Nola egiten duten da inportanteena, eta ikusgarriagoa izaten da. Antolakuntzak prestatutako guneak bi norabideetan gainditu beharko dira. Hortaz, ikusgarritasuna ziurtatuta dago eta motorzaleek badute non ongi pasatu.