Ezkurdia edo Urrutikoetxea; nork jantziko du txapela?

Guaixe 2016ko uzt. 7a, 09:42

Sanferminetako lau t´erdiko finala gaur jokatuko da, San Fermin egun handian

Sanferminetako lau t´erdiko Aspeko adarreko finala igandean jokatu zen. Joseba Ezkurdia arbizuarrak Altuna III.a izan zuen aurkari. Ongi hasi zen Altuna III.a, sake-errematearekin eta gantxoz tanto politak eginez, baina Ezkurdiak ez zuen sorpresarik nahi izan eta bere errepertorio bikaineko sake, sake-erremate, boleei eta Altuna III.aren akatsei esker, 22 eta 11 irabazi eta gaur 11:30ean abiatuko den jaialdiaren partida nagusian jokatuko den Sanferminetako lau t´erdiko finalean aritzeko txartela lortu zuen.

Asegarceko adarreko Urrutikoetxea izango du aurkari arbizuarrak. Lesionatua dagoenez, Asegarceko adarreko finala jokatzeari uko egin zion Olaizola II.ak, eta Urrutikoetxeak egin zuen aurrera finalera. Urrutikoetxea da faboritoa, baina zaleen babesa lagun, sorpresa ematea eta txapela janztea, buruan ez du besterik Arbizuko aurrelariak. Ea hala den.
 
Ezkurdia, Zubieta eta Zabaleta lanera
Abian da Sanferminetako Binakako Txapelketa. A multzoan Irribarria-BArriola, Altuna III.a-Zabaleta eta Bengoetxea VI.a-Beroiz lehiatuko dira eta B multzoan Ezkurdia-Zubieta, Olaizola II.a-Albisu eta Urrutikoetxea-Untoria. Multzo bakoitzeko onenek jokatuko dute finala.