Ezkurdiak eta Rezustak irabazi dute Sanmateotako Torneoa

Guaixe 2016ko ira. 26a, 09:23

Merezitasun handiz, 22 eta 21 irabazi zieten Altuna III.ari eta Albisuri, final ikusgarrian

Sanmateotako Torneoak zenbaki ikusgarriak utzi ditu. Horren isla, guztira 2.069 tanto jokatu dituzte Ezkurdiak eta Rezusta txapeldunek txapelketa honetan. 699 tanto izan zituen Victor eta Zabaletaren kontrako partidak –22 eta 20 gailendu ziren Ezkurdia eta Rezusta– eta 620 tanto Olaizola II.aren eta Merino II.aren kontrakoak –17 eta 22 irabazi zuten Ezkurdiak eta Rezustak, ikusgarri jokatuz–. Igandean final handia jokatu zuten arbizuarrak eta bergararrak Altuna III.aren eta Albisuren kontra eta partida estu, lehiatu eta bikainean 750 pilotakada gurutzatu zituzten bi bikoek. Final zirraragarria izan zen, denetatik izan zuena, 21eko berdinketa barne. Azkenean Ezkurdia eta Rezustarendako izan zen Logroñoko torneo preziatua, 22 eta 21 gailenduta. Rezusta izendatu zuten torneoko jokalari onena.

Olaizola II.aren eta Merino II.aren kontra itxura bikaina ematetik zetozen Ezkurdia eta Rezusta. Horregatik, ziren, akaso, faborito nagusiak. Dirua hasieratik atera zen euren alde. Ezkurdia ongi defendatzen hasi zen eta Altuna ez zen oso fin ibili erremateetan. Atzeko koadroetan Rezustak etengabe jo zuen ezkerrarekin, erritmo eta indar berberarekin. Albisuk ere ongi mugitu zuen pilota, baina akats gehiago egin zituen.

Horrela, 7 eta 2  eta 11 eta 6 aurreratu ziren Ezkurdia eta Rezusta, lan eta lan. Baina gutxinaka ardura gehiago hartzen hasi zen Jokin Altuna. Erremate ikusgarriekin Rezustak zuen erritmoa apurtzen saiatu zen. Albisuk ere gora egin zuen, akats gutxiago egiten hasi zen eta pilota ederki astintzen hasi zen. Horrela, Ezkurdiaren akats baten ondoren, 15 eta 16 aurreratu ziren Altuna eta Albisu, partidari emozioa gehituz.

Partidaren azken txanpan, nekearen eraginez, akats gehiago egin zituzten pilotariek. Ezkurdiaren dejada ikusgarri bati esker 21 eta 19 aurreratu ziren Ezkurdia eta Rezusta, baina 21era berdintzea lortu zuten Altunak eta Albisuk. Azken tantoan Rezustak ezker paretara hurbildu zuen pilotakada batek erabaki zuen, Albisuk izan baitzuen behar bezala bueltatu. Horrela, merezitako garaipena lortu zuten Ezkurdiak eta Rezustak. Arbizuarra pozik zegoen, uda honetako lehen torneoa irabazi baitzuen.