Ezkurdiak igandean ekingo dio kaiolari: Arretxe II.a izango du arerio

Guaixe 2016ko urr. 7a, 12:01

Igandean, 17:00etan, Lekunberrin (ETB1, ntb)

Udako torneoak bukatuta, txapelketen egutegiari hasiera eman diote Aspek eta Asegarcek. Gaur abiatuko da txapelketa eta finala azaroaren 27an jokatuko dela aurreikusten da. Irujoren falta sumatuko du txapelketak. Soilik ordezkari sakandar bat izango dugu, berriki Rezustarekin batera Logroñoko Sanmateotako torneoa irabazi duen Joseba Ezkurdia arbizuarra.

Irujo, Ezkurdiaren botillero
Ezkurdia igandean sartuko da lehian, final hamaseiretan. Arretxe II.a izango du aurkari Lekunberriko Pilareko jaietan antolatu duten jaialdian (17:00etan, ETB1, ntb). Material aukeraketa ostegunean egin zuten bi pilotariek. Sorpresa hartu zuten bertan bildutako pilota zaleek, Juan Martinez de Irujo berriro frontoietan ikusi zutelako. Iberoakoa Ezkurdiaren botilleroa izango da lau t´erdian.

Aurreko urtean ere Arretxeren kontra aritu zen Ezkurdia, eta orduan arbizuarrak egin zuen aurrera. Edonola ere, partida konplikatua du aurretik Ezkurdiak eta ea txapelketan jarraitzeko aukerarik duen. Irabazleak larunbatean Bartzelonan Retegi Bi eta Gorkaren partidaren arteko irabazlea izango du arerio, final zortziretan.
Urrutikoetxea, Altuna III.a, Olaizola II.a eta Bengoetxea VI.a final laurdenetan sartuko dira lehian.