Ezkurdia: “Gakoa bukaerara arte txisparekin iristea da”

Guaixe 2016ko urr. 20a, 09:45

Larunbateko partidarako pilotak aukeratu zituzten Joseba Ezkurdiak eta Aimar Olaizolak

Asteazken goizean Joseba Ezkurdiak eta Aimar Olaizolak larunbatean Labriten jokatuko duten Lau t´erdiko final laurdenetako bigarren jardunaldirako partidarako pilotak aukeratu zituzten. Pilotekin ez zen arazorik egon, baina Ezkurdiak saskian pilota biziagoak faltan bota zituen.

Ekitaldiak ikusmin handia piztu zuen, Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok kantxan topo egin zutelako, bata pilotari eta bestea, aldiz, Ezkurdiaren botillero. Aurreko astean Altsasun Irujok ezin izan zuen botillero izan, enpresa bereko bi pilotariren arteko partida zelako. Aldiz, larunbatean bi enpresako pilotarien arteko partida izango da, eta Ezkurdiaren botillero lanetara itzuliko da Iberokoa.

Ezkurdia eta Olaizola Lau t´erdiko final laurdenetako lehen jardunaldia irabaztetik datoz eta argi dago larunbatean irabazten duenak hanka eta erdia izango duela finalerdietan. Hortaz, larunbatean asko dago jokoan Iruñeko bomboneran.

Sentsazio onak
Sentsazio onekin dago arbizuarra. “Retegi Biren kontra erasoan jokatu nuen, jokoan erasokor izan nintzen eta sentsazioak onak izan ziren. Hala ere, grabatutako partida telebistan ikusterakoan konturatu nintzen gauza asko ditudala hobetzeko” adierazi zuen aurrelari arbizuarrak. Aimar arerio gogorra dela jakina da, faboritoa. “Aimarren kontra beti pasatu izan zait gauza bera. Lehen zatian nor baino nor jokatzen diot eta markagailuan aurreratzea lortzen dut. Baina bigarren zatian, ez dakit mentalitate kontua edo fisikoaren eragina den, berak irabazten dit. Badirudi une horretan pausu bat atzera ematen dudala, eta horrelako aurkarin kontra pausu bat atzera ematen baduzu, beraiek ez dute barkatzen. Uste dut gakoa partida bukaerara txisparekin iristea dela, kontzentratuta, bukaerara arte erasora jokatu eta abiadura jartzea” ondorioztatu zuen. “Hasieratik agintzea eta nire erritmoa ezartzea. Horrela bakarrik izango dut aukeraren bat Aimarren kontra. Beraren kontra badirudi parez pare zaudela, baina pim pam, harrapatzen zaitu eta sake errematearekin partida bukatzen du” gaineratu zuen

Aimarrek, bere aldetik, Ezkurdia “aurkari oso arriskutsua” dela onartu zuen, “txapelak irabazteko aukera handiak” dituena.  “Partida konplikatua izango da, distantzia honetan Josebak asko jokatzen duelako eta pilotari abiadura handia ematen diolako” nabarmendu zuen lau t´erdiko 7 txapel dituen goizuetarrak.