Ezkurdia vs Olaizola: historia errepikatzen da

Guaixe 2016ko urr. 24a, 09:24

16 eta 21 irabazten joan eta gero, 22 eta 21 galdu zuen Ezkurdiak Aimarren kontra

Joseba Ezkurdiak esana zuen aurreko astean: “Aimarren kontra beti pasatu izan zait gauza bera. Lehen zatian nor baino nor jokatzen diot eta markagailuan aurreratzea lortzen dut. Baina bigarren zatian, ez dakit mentalitate kontua edo fisikoaren eragina den, berak irabazten dit”. Eta berbera gertatu zitzaion arbizuarrari larunbatean Aimar Olaizolaren kontra Labriten jokatutako Lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkako bigarren partidan.

Lehendabiziko jardunaldia irabaztetik zetozen biak, eta bigarren partida irabaztea goxoki bikaina zen, lau t´erdiko finalerdietarako sailkatzeko aukera nabarmena izatea. Hasieran Olaizola 7 eta 2 aurreratu zen, sake eta erremateari esker. Baina Ezkurdiak erantzuten jakin zuen, bere jokoa egiten hasi zen, pilotari abiadura handia emanez, eta zazpira berdintzea lortu zuen. Aimarrek, ordea, erantzun zuen eta 12 eta 7 aurreratu zen goizuetarra. Gantxo ikusgarri baten ondoren sakea errekuperatu zuen Ezkurdiak eta bere pilotarekin min handia egin zion Aimarri, 13 eta 17 aurreratu baitzen arbizuarra. Polemika iritsi zen orduan, Aimarrek epaileak txartzat emandako pilota bat pasatzen utzi baitzuen. Hala ere, arbizuarrak bere bideari jarraitu zion eta 16 eta 21 aurreratzea lortu zuen. Baina orduan, Ezkurdiak partida irabazteko dena alde zuenean, Aimarrek hiru gantxorekin eta hiru sakerekin erremontatzea eta partida irabaztea lortu zuen, 22 eta 21, Ezkurdia zur eta lur utzita. Esku eskura izan zuen garaipena arbizuarrak, baina burua hotz mantentzea eta garaipena errematea falta izan zitzaion.

“Ez nekien nola jokatu. Partida ia galduta zegoen, baina sufritzen jakin dut” azaldu zuen Olaizolak. Ezkurdiak, aldiz, positiboarekin geratzea erabaki zuen. “Partida ona egin dudala uste dut. Horrekin geratzen naiz, eta egindako akatsekin ikastearekin” azaldu zuen.

Ezkurdia edo Bengoetxea, nor pasako da finalerdietara?
Igandean Oinatz Bengoetxeak Retegi Biri irabazi zionez, dagoeneko Aimar Olaizolak Lau t´erdiko finalerdietara sailkatzea lortu du. Ezkurdia edo Bengoetxea, bien arteko partidako irabazleak erabakiko du nor izango den finalerdietara sailkatzen den beste pilotaria. Hortaz, hil hala biziko partida izanen da.

Beste multzoan, Urrutikoetxea Lau t´erdiko finalerdietarako sailkatuta dago. Irribarriaren eta Altuna III.aren arteko partidako irabazlea izango da bestea.

Lau t´erdiko final laurdenetako 2. jardunaldiko emaitzak
Victor 19 – Altuna III.a 22
Irribarria 11 – Urrutikoetxea 22
Olaizola II.a 22 – Ezkurdia 21
Bengoetxea VI.a 22 – Retegi Bi 8

Lau ´terdiko final laurdenetako 3. jardunaldia
Olaizola II.a – Retegi Bi
Bengoetxea VI.a – Ezkurdia
Irribarria  – Altuna III.a
Urrutikoetxea – Victor (astelehenean, Gernikan)