Ezkurdia: “Larunbateko partida sari handia lortzeko aukera bezala ikusten dut”

Guaixe 2016ko urr. 26a, 14:47

Larunbaterako partida erabakigarrirako pisu bereko pilotak baina jokaeran oso ezberdinak direnak aukeratu zituzten Ezkurdiak eta Bengoetxeak

Joseba Ezkurdiak eta Oinatz Bengoetxeak larunbatean Labriten jokatuko duten hil ala biziko partidarako materiala aukeratu zuten asteazkenean. Lehiarako prest daudela azaldu zuten bi pilotariek. Kuriositatez, pisu bereko pilotak aukeratu zituzten biek: 105,5 eta 106,3 gramoko bina pilota. Baina, jokaeran, pilota ezberdinak dira. Izan ere, Ezkurdia pilotari indartsu eta bortitza da; Bengoetxea, berriz, defentsa onekoa eta artista. Eta euren jokoa egiteko pilota oso ezberdinak aukeratu zituzten. Azkarragoak, Arbizukoarenak, frontisetik asko irteten direnak, eta mantsoagoak Bengoetxearenak, frontisetik gutxi ateratzen direnak.

Ezkurdiak ez zuen kexarik izan pilotekin, Bengoetxeak aukeratutako bat asko gustatu zitzaiola ere esan zuen. Bengoetxeak, berriz, azaldu zuen “Ezkurdiaren pilotak, orain” ez direla biziegiak, baina partidak aurrera egin ahala “eta pixkat gastatzen direnean, bote gehiago hartuko dute eta ikusi beharko da”.

Ezkurdia eta Bengoetxea VI.aren arteko azken partidek emozioa eta tentsioa izan dituzte, polemika tarteko. Kasualitatez, txapelketan aurrera egitea jokoan zegoen partidetan lehiatu izan dira. Halako egoeran daude ere, egun, larunbateko irabazlea Lau t´erdiko final erdietarako sailkatuko baita.

Joseba Ezkurdia Olaizola II.aren kontra galtzetik dator. Ezkurdia 21 eta 16 irabazten joan ondoren, 21 eta 22 irabazi zion Olaizolak. “Olaizola II.aren kontrako partida galtzeari ez dizkiot buelta gehiegi eman. Gaizki hasi nintzen, partidak aurrera egin ahala hobetu nuen eta bigarren zati ona egin nuen. Horrekin geratzen naiz, eta partida bukatzen ez jakin izanarekin” azaldu zuen arbizuarrak material aukeraketan.

Sari handia jokoan
Larunbatekoa aukera handia da aurrelari arbizuarrarendako. “Oinatzekin bi rifirafe izan ditut, baina ez dut horretan pentsatzen. Niretzat larunbateko partida sari handi bat lortzeko aukera handia da” azpimarratu zuen. Arbizuarra orain arte ez da bakarkako txapelketa batean finalerdietarako sailkatu eta pausu hori ematea “behar duela” nabarmendu zuen, “pilotari guztiok behar dugun moduan”. Ezkurdiak onartu du ez zuela Bengoetxea eta Retegi Biren arteko partida guztia goitik behera ikusi, baina larunbaterako partida berrikusiko duela. “Hala ere, jakina da Oinatz primeran dagoela eta pilotak azkar ateratzen duela. Oinatzen kontra oso garrantzitsua da partidaren hasiera, eta hasierako tanto horietan adi egon beharko dut, ezin dut deskuidatu” gaineratu zuen Ezkurdiak.

Partida oso gogorra aurreikusten da, apustuak paretsu antzen aterako direla aurreikusten da eta sarreren salmenta martxa onean doala azaldu zuten arduradunek.