Ikuskizuna, gerra ez ahazteko

Guaixe 2016ko aza. 24a, 12:15
Ikuskizunean parte hartu zuten musikari eta irakurleak. Argazkiak: Oroimenez Arbizu

Hitzek eta doinubek, balen hotsetik hitzen doinura. Izen buru horrekin ikuskizuna prestatu zuen Oroimenez Arbizu taldeak. 1936ko estatu kolpearekin batera herrian gertatutakoak musikaz lagundutako irakurketa sorta baten bidez gogorarazi nahi izan zuen. Txistulari batek abiarazi zuen ikuskizuna Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak joz. Antolatzaileen izenean Katrin Gineak aurkezpen laburra egin zuen eta txanda 14 hizlariei eta 19 musikariei eskainiz. Jendaurrean txandakatuz ordu beteko saioa osatu zuten. Despeditzeko, atzera ere, txistu doinua. Agur gisa ikuskizuneko antolatzaileek, parte-hartzaileek eta publikoak Txoriak txori abestia kantatu zuten. Bakarren batek hainbeste arbizuar kanta hura kantatzen ikustean hura “historikoa” zela adierazi zuen.

Aurreneko emanaldiarekin udaletxeko aretoa bete egin zen eta bigarrenean gutxiago izan ziren ikusleak. Guztira 110 bat pertsonak gozatu zuten emanaldiaz. Oroimenez Arbizu taldeak balorazioa egiterakoan “arrakasta handia” izan dela dio. “Pena” zuten arbizuar batzuek ikuskizuna galdu izanaz, “benetan ederra izan zelako eta ikusle guztiak pozik eta hunkituta atera ziren, muntaiaz, kalitateaz... zorionak eta eskerrak ematen ekimenagatik”.

Guztia behar bezala atera zedin Longi Anduezak, Erik Anduezaren eta Pello Reparazen laguntzaz, arlo teknikoan lana handia egin zuen, musikari gisa parte hartzeaz gain. Oroimenez Arbizuko kideek “benetan eskertzen” dute parte hartu zutenen “ahalegina eta gogo ona ekimen honi heltzeko eta hain ongi gauzatzeko. Oso esperientzia polita izan da eta errepikatzeko prest gaude, luze gabe”.

Hitzaldia
Oroimenez Arbizuk zikloa ixteko Iñaki Egañaren frankismoari buruzko hitzaldia antolatu du. Ostiralean izanen da, 19:00etan, udaletxeko batzar gelan.