Bakaikun korrika!

Guaixe 2014ko eka. 13a, 14:26
Aurreko urtean Iturmendin izan zen proba.
X. Aitzkozar Herri Krosa jokatuko da bihar, larunbatean. 17:00etan kategoria txikikoak ariko dira, eta 18:30ean nagusiak.

Nahiz eta lasterketa Iturmendin antolatzen hasi, 2010etik Iturmendiko Aitzkozar elkarteak eta Bakaikuko Bakarrekoetxea elkarteak elkarrekin antolatzen dute Aitzkozar Herri Krosa. Aurten 10. edizioa izanen du aipatu lasterketak, zenbaki borobila, eta Bakaikuko Bakarrekoetxea elkartearen aurrealdea izanen du irteera eta helmuga. Bi elkarteek Dantzaleku Sakana klubaren laguntza izanen dute antolakuntzan eta hainbat entitate eta komertzioen babesa.

Kategoria txikiak eta proba nagusia
Gazteenek emanen diote hasiera probari, bihar, 17:00etan. Aurrebenjaminen, benjaminen, kimuen, haurren eta kadeteen lasterketak Bakaikuko kaleetan jokatuko dira. Ondoren proba nagusiaren txanda izanen da, 18:30ean. Gazteak, helduak eta beteranoak ariko dira. Bakaikuko eta Iturmendiko dermioen artean markatutako 4.050 metroko ibilbideari buelta bakarra emanen diote gazteek, eta bi buelta helduek eta beteranoek, 8.100 metro osatuz.

Oparia eta merienda
Bakaikuko helmugan lasterketa bukatzen duten korrikalari guztiek oparia jasoko dute. Lasterketa nagusiko irabazleek, gizon nahiz emakumeek, trofeoa jasoko dute. Behe mailan ere trofeoak banatuko dira. Eta eguna borobiltzeko, antolatzaileek merendua antolatu dute korrikalari guztiendako.

Iaz 72 korrikalari aritu ziren proba nagusian eta Torrelavegako Raul Gandara, gizonezkoetan, eta Erkuden San Martin, emakumezkoetan, nagusitu ziren. Bigarrena eta lehen sakandarra Javi Moreno altsasuarra izan zen.

Izena emateko
Aurrez izena emateko aukera dago, 948 562 034 edo 606 398 802 telefonoetan edo www.dantzalekusakana web orrian. Lasterketa egunean bertan, proba hasi baino ordu bat lehenago Bakarrekoetxea elkartean. Helduek 5 € ordaindu beharko dute eta txikiek ezer. DYAk proba jarraituko du.

Sakanako XI. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sarirako baliagarria
Ekainaren 1ean jokatutako Ziordiko I. Herri Krosak mustu zuen Sakanako Mank-ek antolatutako Sakanako XI. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria. Beste 4 lasterketek puntuatuko dute koparako: XI. Aitzkozar Herri Krosak (ekainak 14) Ergoienako XI. Birak (irailak 20), Sakanako XIV. Herri Lasterketak (urriak 25) eta Altsasuko Barricarteren Oroimenezko Oinezko Lasterketak (abenduak 8).

Sakanako 10 hoberenek puntuatuko dute eta gutxienez 4 probatan parte hartu beharko da. Egun, emakumezkoetan Izaskun Beunza, Mari Gwen Davies eta Maite Zabaleta daude buruan, eta gizonezkoetan Javier Moreno, Francisco Javier Gomez eta Javier Borrega.