Sakanako aizkolari beteranoei omenaldi beroa

Guaixe 2014ko abe. 15a, 10:15
Omenduak. Axioren semeak, Alain eta Iurgi, Juanito Erdozia, Juan Mari Nazabal eta Manolo eta Jaime Gorriti.

Igandean Bakaikun ospatutako Sakanako Herri Kirol Jardunaldiarekin despeditu zen Mank-ek antolatutako Kirol Asteburua. Sakanako eskoletako aizkolariak, trontzalariak, tiratzaileak, eta harri jasotzaileak aritu ziren lanean. Axio, Juanito Erdozia, Juan Mari Nazabal eta Gorriti anaiek omenaldia jaso zuten

Urte bukaeran ez du hutsik egiten Mank-ek antolatutako Sakanako Herri Kirol Jardunaldiak. Urtean barna Sakanako Aizkora eta Harrijasotze eskoletan egindako lana erakusteko modu polita da, herri kirolari sakandarren arteko desafioak eta beste egiteko zita paregabea eta urteari bukaera emateko aitzakia ederra. Aurten Bakaikun ospatu zen festa, jendez beteta zegoen frontoian, giro bikainarekin.

Hainbat erakustaldi eta lehiaketa izan ziren. Aizkoran Goizeder Beltza-Juanjo Erdozia, Arkaitz Jauregi-Eloy Corchero, Juanjo Lopez-Angel Eraso eta Julen-Ivan Resano bikoteak lehiatu ziren, eta azkenak nagusitu ziren. Aizkolari gazteagoak ere lehiatu ziren: Aiestaran-Agirre eta Beñat-Abel, eta Jon, Aritz, Ibon eta Ander txikiagoak. Bitxikeria moduan, Erdozia etxeko hiru belaunaldi aritu ziren lanean: Juanito Erdozia aitona, Juanjo Erdozia semea eta Jon iloba, 11 urtekoa. 2 metroko zirkunferentziako enborra erdibitu zuten hiruren artean.

Trontzalariak ere lanean ikusi genituen. Iñigo Aritza ikastolako trontzalariak Andra Mari ikastolako trontzalarien kontra aritu ziren. Andra Mariko Jon eta Unai gailendu ziren. Bestalde, bi ikastetxe hauetako tiratzaileak ere lehiatu ziren sokatiran. Etxarri Aranazko Andra Marikoak nagusitu zitzaien Altsasukoei. Ondoren, Sakana Sokatira Taldeko nesken kontra aritu ziren Andra Marikoak, baina kasu honetan neskak izan ziren onenak.

Sakanako Harrijasotze eskolakoen txanda izan zen segituan. Iñaki Iberok (100 kiloko bola), Alvaro Zugarrondok eta Jon Irañetak (100 kiloko kubikoa) eta Mikel Lasarte monitoreak (100 kiloko zilindrikoa) erakustaldia egin zuten. Bukaeran, Mikel Lasartek motozerrarekin eskultura bat egin zuen.

Omenaldi beroa aizkolari beteranoei
Sakanako herri kirolarien urte bukaerako festan omenaldi beroa egin nahi izan zitzaien Sakanan herri kirolak eta bereziki aizkora sustatu duten 5 aizkolari beterano sakandarrei: aurten zendutako Jose Inazio “Axio” Floresi, Juanito Erdoziari, Juan Mari Nazabali eta Manolo eta Jaime Gorritiri. Oroigarri ederra banatu zitzaien –Axioren oroigarria Alain eta Iurgi bere semeek jaso zuten– eta hitz ederrak izan zituzten beraiendako. “Euren garaian puntako aizkolariak izan ziren eta horretaz gain, Sakanan herri kirolak sustatzeko lan handia egin dute eta egiten jarraitzen dute” nabarmendu zuen Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. Juanito Erdozia eta Manolo eta Jaime Gorriti aizkoran lehiatu ziren eta etxarriarra, Erdozia, izan zen gailendu zena.

Mank-ek 2004an sortu zituen Sakanako Aizkora Eskola eta Harri jasotze eskolak, aipatu kirolak sustatzeko. Axio Flores Sakanako Aizkora Eskolaren sustatzaile eta monitoreetako bat izan zen. Aizkora Eskolak Etxarri Aranatzen du egoitza, Nazabaldarren bordan. Egun Juan Mari eta Floren Nazabal eta Juanito Erdozia dira monitoreak. Aldiz, harri jasotze eskolak Irurtzunen du egoitza eta Mikel Lasarte eta Xabier Igoa dira monitoreak. Eurek eta Sakanako beste kirolari eta ikastetxeek egindako lanari esker herri kirolek bizirik jarraitzen dute gurean.