Udal eta kontzeju hauteskundeak 2015

EH Bilduk Udal parte-hartzaile eta gardena iragarri du

Guaixe 2015ko mai. 14a, 18:57

Egoera ikusita ekonomia baliabideak ongi aprobetxatzeko eta herritarrendako benetan baliagarriak diren proiektuak jasoko dituen bide orria gauzatu nahi du EH Bilduk Bakaikun, 10 edo 15 urterako baliagarria izanen dena. Despeditutako legegintzaldian herritarrek inkesten bidez egindako proposamenak osatzeko azpiegitura, euskara, ingurumen, kirola, kultura eta parte hartze batzordeak sortuko ditu Bakaikuko EH Bilduk.

Lan taldeetan ahalik eta herritar gehienak parte hartzeko saiakera eginen duela aurreratu du. Lan taldeek landutako proposamenen gaineko erabakiak hartzeko erabateko ahalmena izanen dute. Landuko diren proposamenen artean bakaikuarrendako lehentasunezkoak direnak galdeketa bidez aukeratuko dituzte. Udalak bere eginen ditu eta bakaikuarren borondatea bete.

Bestalde, programan auzolanaren inguruan hausnartu eta erabakiak hartzea proposatu du koalizioak bere programan. Ondoko herrietako esperientziak ezagutzeko eta eztabaida zabaltzeko Bakaikuko EH Bilduk auzolanari buruzko mahai-ingurua antolatu du gaurko, 19:00etan auzoan. Jose Ramon Garin, Lakuntzako alkateak, Bitoriano Gabirondo, Iturmendiko alkateak, Juan Mari Barriola, Leitzako mendi zinegotziak eta Juantxo Gaia, Lakuntzako zinegotziak parte hartuko dute.