Javier Zeberiok Cho Oyu helburu

Guaixe 2016ko ira. 8a, 10:13

Joanma Romero valentziarrarekin ekin dio lehen zortzi milakoa egiteko abenturari

Irailaren 2an Nepaleko bidea hartu zuen Javier Zeberio Arraras bakaikuarrak. Joanma Romero valentziarrarekin batera Cho Oyu (8.201m) igotzea da asmoa. Mendian nahikoa esperientzia du bakaikuarrak: Mont Blanc (4.808m), Elbrus (5.642m), Alpeetako eta Andeetako zenbait mendi, Lenin gailurra (7.134m), Muztagh Ata (7.546m)… eta orain zortzimiletarako saltoa eman nahi du. Joanma Romero bidelagun izan zuen Leninen eta Muztagh Atan, eta Romerok beti buruan Cho Oyu zuela eta, behin zortzi milako bat egitea erabakita, Cho Oyu aukeratu zuten. Nonbait, aurreko urtean Nepalen trekkinga egiten ari zela gorpuztu zen ideia.

Halako espedizio bat antolatzeak lan handia du eta sakrifizio handia eskatzen du, baina ilusio eta gogo handiz dagoela aitortu du bakaikuarrak. Bertara errespetu handiarekin joan behar dela ere argi du eta espero du zazpimiletatik zortzimiletara bitarteko saltoa handiegia ez izatea.

Espedizioa aurrera ateratzeko zenbait zailtasun izan dituzte: bidai aldaketak, tramite buruokratikoekin arazoak… eta horregatik Cho Oyuko gailurra egiteko dituzten egunen kopurua gutxitu zaie. Irailaren 14an iritsiko dira oinarrizko kanpamendura eta urriaren 3an atera beharra dute bertatik. Jabe dira  duten tartea laburra dela, baina badakite bertan espedizio gehiago badaudela eta espero dute guztien artean aurrera egiteko gai izango direla eta gailurra egiteko aukera izatea. Asmoa bi kanpamendu jasotzea da, bata 6.400 metrotan eta bestea 7.000 metrotan, eta bigarrena 7.450 metrotara igotzea gailur saiakera egiten dutenean.

Zeberiok eta Romerok Racetracker sistema eramango dute gainean. Horrela, satelite bidez bere ibilbidea jarraitu ahal izango da zuzenean hurrengo web gunean: www.racetracker.es/rt/dezeroacim/cho-oyu

De zero a cim
Facebooken, Zeberioren eta Romeroren espedizioaren nondik norakoak jarraitzeko.