Katxarro zaharrei hautsa kendu eta kalera!

Guaixe 2016ko urr. 7a, 14:13

Bakaikun II. Katxarro Eguna antolatu dute bihar, larunbatean. Goizeko 10:00etatik aurrera ibilgailu klasikoen topatunea izango da Bakaiku

Aurreko urteko arrakasta ikusita, bigarrenez Katxarro Eguna antolatzea erabaki du Bakaikuko Bakarrekoetxea elkarteak. Bihar, izango da, urriaren 8an, larunbatarekin. Goizeko 10:00etatik aurrera auto, traktore, kamioi, motor, bizikleta… eta orotako ibilgailu klasikoen topaleku izango da Bakaikuko plaza. Mota guztietako katxarroei hautsa kendu eta kalera ateratzea, hori helburua.

Antolakuntzak parte-hartzaileendako auzatea antolatuko du eta, ondoren, Sakanatik barna ibilbidea egingo dute guztiek, 22 km ingurukoa, Lizarragako portua barne. Bukatzeko, bazkaria izango da elkartean. Antolakuntzatik adierazi dutenez, dagoeneko 70 katxarrok baino gehiagok eman dute izena, baina oraindik apuntatzeko aukera dago (680 825 557 telefonoa edo katxarroeguna@gmail.com posta elektronikoa).

Hiru sari
Hiru sari banatuko ditu antolakuntzak: Katxarro zaharrenari, txukunenari eta Bakaikura etortzeko kilometro gehien egin dituenari.