Katxarro eta jende asko Bakaikun

Guaixe 2016ko urr. 12a, 15:30

150 auto, 40 moto, 30 bizikleta, 3 kamioi, 2 traktor eta trilladora eta aroztegi motorrak izan ziren ikusgai II. Katxarro Egunean

Aurreko urteko Katxarro Eguna gainditu zuen aurtengoak. Larunbatean jendetza hurbildu zen Bakaikura, bertan bildutako auto, traktore, kamioi, motor, bizikleta… eta orotako ibilgailu klasikoak ikustera. Izan ere, Bakarrekoetxea elkarteak Koxtko tabernaren laguntzarekin antolatutako II. Katxarro Eguna ikusgarria izan zen. Antolakuntzatik adierazi digutenez, 150 auto, 40 moto, 3 kamioi, 2 traktor eta 30 bizikleta klasiko jarri ziren ikusgai Bakaikuko kaleetan barna. “Eta jende ugari etorri zen, Sakanatik eta baita Iruñeatik ere. Festetako larunbatean baino jende gehiago zegoen” adierazi dute antolakuntzatik. Azpimarratzekoa da Ignazio Arbizuk bere bildumako trilladoren motoreak eta Ezkarotzeko aroztegi bateko motorrak eraman zituela.

Bildutako ibilgailu klasikoekin 20 km inguruko ibilbidea egin zuten Sakanatik barna, eta bakoitzari argazki pertsonalizatu bat atera zitzaien “hurrengo urtean bidaliko diegu, berriro Katxarro egunera etortzera gonbidatzeko” antolakuntzako Josuk esan digunez. Ondoren bazkaltzera bildu ziren, elkartean.

Hiru sari banatu ziren. Katxarro bitxienaren saria Ignazio Arbizuren motorrek jaso zuten. “Bildutako guztien artean inkesta egin genuen eta aho batez Arbizuren motorren alde egin zuen jendeak” gaineratu du Josuk. Urrutitik etorritako katxarroaren saria Soriako bikote batek jaso zuen, Seat 124 familiarrarekin bertatik etortzeagatik, eta katxarro zaharrenaren saria Zumaiako familia batek jaso zuen, 1920 urteko bizikleta bildumarengatik. Hurrengo urteko III. Katxarro Egunaren zain geratu ziren guztiak.