San Anton, egun guztiko ospakizuna

Guaixe 2017ko urt. 23a, 11:37

Sanantondar dorrobarrak larunbat goizean elkartu ziren. 9:00etan hildako kofradeen omenezko mezan elkartu ziren. Larunbatean, 9:00etan, mezan elkartu ziren kofradeak eta dorrobarrak. Elizkizuna eta gero kofradiako prioren edo nagusiaren etxean hildako kofradeen omenezko errespontsua errezatu zuten. Juan Manuel Lizarraga Pueioren etxetik Itur-Aldea elkarterantz jo zuten sanatondarrek. Han arduradunek bezperan prestatutako baratxuri-zopa eta tripotxak gosaldu zituzten. Horren ondoren batzuk kartetan jolasten gelditu ziren eta besteak bazkal-ordura arte paseatzera joan ziren. Bazkaldu ondoren, giro ederrean pasa zuten arratsaldea.

Mahaira eseri aurretik kofradiako 22 kideak (36 izatera iritsi dira) nagusi berria aukeratu zuten. Zozketa egin eta ardura Julian Lizarraga Larrazaren esku gelditu zen. Kofradiak azken urtean ez du ez altarik ez bajarik izan. Dagokion kuota pagatu zuten eta guztia aktan jaso zuen Mikel Lizarraga Razkin idazkariak. Kofradiak biltzen duen dirua hildako kofradeen aldeko mezak ateratzeko eta haien familiei hileta gastutarako laguntza sinboliko bat emateko baliatzen da. 1923an sortua da kofradia. Dorraon bada beste kofradia bat, San Juan Txiki. Agorril akaberan edo irailaren hasieran elkartzen dira. Haren akta liburua 1.735ekoa da, baina aurretik besteren bat omen zegoen eta parrokian izandako sute batean erre omen zen.