Elkarrizketak on-line

Jon Arretxeri on-line elkarrizketa

Guaixe 2016ko api. 15a, 15:28
Jon Arretxeri on-line elkarrizketa

Jon Arretxe idazleak Toure ikertzaileren ibilerak jasotzen dituen laugarren liburua argitaratu du, Estolda jolasak. Idazleak zuen galderak astelehenean, 17:00etan, erantzun ditu.

1. Noizko Toure Erriberan?
Piper

Ba... beitu, orain bostgarrena idazten nabil, seigarrenerako Toure "etxetik" ateratzeko asmoa daukat eta agian... Tutera aldean edo? Ideiarik badaukazu, eman, eskertuko dizut eta!

2. Tourek Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoi edo Jon Alonsoren Enekoitz Ramirez, Lanbas, ikerlariekin elkarlanean ikusteko aukera izanen da inoiz?
Laino

Arrazoi duzu, konbinaketa polita izango litzateke eta, Tourerekin ezin jakin, agian menage a trois bat antolatu genezake. Itxarori eta Joni eskatuko diet baimena, ea zer iritzi daukaten.

3. Zergatik identifikatzen zara afrikarrekin, orokorrean egoaldeko biztanleriarekin?
Galdetzailea

Identifikatu baino gehiago, estimatu egiten ditut afrikarrak, niekin oso-oso ondo portatu direlako haien artean egon naizenean. Inor ez da perfektoa, jakina, gauza txarrak ere badauzka afrikar klasikoak, baina oso onak ere bai, abegi ona, esaterako, eta nik hori oso ondo ezagutu dut.

4. Zer iritzi merezi dizu gaur egun dagoen migrazio mugimenduak? Afrikatik ihesi doazenak, Siriarrak...
Galdetzailea

Beti egon da migrazioa, baina batzuk, komeni zaigunean, oso erraz ahazten gara. Herri guztiok egin ditugu migrazioak gerren, goseteen edo dena delakoaren erruz, eta eskertu dugu beste herrien harrera ona. Orain afrikarrei, siriarrei... tokatzen zaie eta, gutxienez, errespetu pixka bat merezi dutela uste dut.

5. Zure liburuek kontzientziak mugitu nahi dituzte?
Galdetzailea

Nire azken liburuek, nobela beltzek, bai mugitu nahi dituztela kontzientziak, irakurleari pentsarazi, gure inguruan dauden injustiziak ikustarazi... Dena dela, irakurleari ezin zaio gehiegizko rollorik sartu behar, lehenengo eta behin liburu ona, interesgarria, entretenigarria eman behar zaio. Eta hortik aurrera, nahi duzuna.

6. Espero zenuen Toure zure bizitzan 4 urtez egotea?
Galdetzailea

Bai, berarekin hasi nintzenean argi neukan saga bat izango zela. Jakina, lehenengoak oso-oso harrera eskasa izan balu, agian damutu egingo nintzen, baina harrera primerakoa izan da, nik neuk ere asko maite dut pertsonaia eta horrek motibatzen nau gehiago idazten. Bizi luzea edukiko duela uste dut.

7. Bizi al daiteke idazle profesionala izanda?
TInko

Ni, behintzat, idaztetik bizi naiz, baina egia da ia-ia miraria dela gaur egun, daukagun krisi ekonomikoarekin, pirateo elektronikoarekin... Pribilejiatua sentitzen naiz eta ea bizimodu hau luzatu dezakedan.

8. Azken bolada honetan nobela beltzarekin loturiko jardueretan zabiltzala irakurri dut. Tourek hemendik eta handik ibiltzeko bidea zabaldu al dizu?
Ainhoa

Bai, Euskal Herria txikia da, denok ezagutzen dugu elkar eta nik, zorionez, beti eduki ditut irakurle fidel batzuk. Orain kanpoan ibiltzen naiz, Tourerekin bueltaka, batez ere Espainia aldean, eta sekulako harrera eduki du. Esaten didate Europako lehenengo detektibe beltza dela, oso pertsonaia originala dela eta hortik zehar antolatzen diren Aste Beltz eta jardunaldietara gonbidatzen naute. Bolada ona aprobetxatu egin beharko, jakina!

9. Oraindik ez dut zure liburua irakurri. Beste behin ere Toure bizirik irtengo al da?
Ido

Aaaaaa... Ezin dizut esan, bestela ez duzu irakurriko! Dena dela, argibidea emango dizut: nire asmoa Tourerekin saga luzea egitea da.

10. Teknologia berrien mundu honetan, etengabeko eztabaida, liburu fisikoa arriskuan al da?
Maite

Hori diote adituek, baina hori zioten orain dela hamataka urte ere eta oraindik bizirik dago paperezko liburua. Nik, irakurle moduan, argi daukat papera behar dudala, baina azken urteotan, badaezpadan, liburuak ohiko formatuan eta formatu elektronikoan ere argitaratzen ditugu.

Agurra

Lagunok, mila esker zuen interesagatik eta nahi duzuen arte. Gora Toure! Gora Afrika!
Eta gora Guaixe-Beleixe, jakina!!!