Elkarrizketak on-line

Gorka Ovejerori on-line elkarrizketa

Guaixe 2016ko mai. 17a, 09:43
Gorka Ovejerori on-line elkarrizketa

Txirrinkak Sakana zeharkatuko du ostiralean. Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eta azpiegitura handien kontrako errelebokako bizikleta martxa da. Antolakuntzan ari den arbazuarrak ostiralean, 10:00etan, zuek bidalitako galderak erantzun ditu.

1. Zein da Sakanako Txirrinkaren ibilbidea? Azkenean bazkaria dago? Non? (Irurtzun, Herriberrin, Auskalon ... :-D)? Ze ordutan?
Txirringo

Ororbiatik sartuko da Txirrinka Sakanan eta Etxarri Aranatzetik Lizarrusti bidean, gipuzkoaruntz joanen da.
Bazkaria Irurtzungo Pikuxarren eginen dugu bi txandatan. 1. 13:45ean eta 2. 15:00etan

2. Baina Sakanatik AHTa ez da pasatu behar, ez? Gure Nafar gobernu berria ez duela egin nahi...
Txurrungo

AHT makroazpiegitura honen eskuduntza Madrilek du eta handik erabkitzen dute guzia.
Nafar Korridoreari dagokionez, Kastejon-Iruñea baino ez dute oraingoz eraiki nahi.
Honek ez du esan nahi Sakana AHTz libratu garenik.
Aurten, Iruñea EAErekin nondik lotu erabakitzeko ikerketa deialdia zabaldu dute. Lotura hau ez litzateke AHT linea berri baten bidez eginen, baizik eta gaur egundo trenbidetik.

Geroa Bai BETI egon da AHTren alde, eta horretan jarraitzen du. Eta Aroztegian (Baztanen) luxozko Golf zelaia egiteaaren alde, eta autopista elektrikoaren alde..... Zentzu horretan UPN-PSN bikotearekin bat egiten dute hauek.

3. Zergatik egiten da historia hau?. AHTa ez zegoen jadanik aparkatuta?
Txorrongo

Herri mugimendua etengabe aritu behar da jendartea aldatzeko eta mobilizatzeko ekimenetan. Txirrinka ikuspegi honetan kokatzen dugu. AHTk Euskal Herrian hiru plangintza ezberdinetan banaturik dago.
Iparraldean linea berri bat eraikitzea da ideia eta oriangoz bazterturik gelditu da bidaiari kopurua handia ez delako eta aurkaritza izugarria dagoelako.
EAEn lanak oso aurreraturik daude, baina ekonomikoki arazo izugarriak dituzte, batez ere hiriburuetako sarbideetan. Hemen gehiengo sozial batek AHT beharrezkoa ikusten ez badu ere, egia da alderdi politiko nagusienek aldeko jarrera dutela. Hau dena den, aldatu daiteke Podemos-Ahal Duguk, bere aurkako jarrera erakutsi baitu eta dirudienez, lehen indarra izateko aukerak dituzte.
Nafar Korridorea ezerezean gelditua dago une honetan, Kastejón Iruñea bidetartea baino ez baitute eraiki nahi oraingoz, baina alderdi desarrollistek, honelako proiektuak ez dituzte sekula baztertzen. Horregatik, herri mugimendua adi eta prest egon behar gara.

4. Azken boladan espezie inbaditzaile asko ikusten ari naiz. Zer egin dezakegu?
Basoa

Biologian aditua ez naizenez, ezin ditzaket espezie inbaditzaileen inguruan gehiegitxo esan.
Inbasio ikaragarriena dena den, porlanarena, zementuarena da. Ama lurra zementoz betetzen ari gara espezie naturalei bizitzeko tarterik utzi gabe.
Sakanan bizi eta lan diogunean, duintasunez eta osasuntsu bizi nahi dugula aldarrikatzen dugu batzuek.
AHTren arriskuaz gain, Frakinaren arriskua dugu, Autopista Elektriko batena, eta errauskailua dirudienez, alde batera gelditu bada ere, adi egon beharko gara.

5. Zenbat urte behar dira kontzientzia sortzeko?
Basoa

Kontzientzia txikitatik eta sendian bereganatzea da aproposena eta polittena.
Dena den, eguneroko bizitzan, eskolan, lagunekin hamaika aukera ditugu amalurra zaindu eta errespetatzeko: gehiegizko kontsumotik aldendu, gauzak berrerabili, birtziklatu, hondakinak egoki tratatu errauskailurik behar gabe bizi ahal izateko, energia berriztagarrien aldeko joera handitu, banka etikoa, ekoizpen ekologiko eta bertakoa lehenestea..... Uf, nahiko lan badaukagu!!

6. Zerua ikusten dugu, baina badakigu zer dagoen lurrean?
Basoa

Zerua ikusten dugu benetan?
Smartphonaren pantaila da ikusten duguna. Zerua ikusteko aukera ere geroz eta zailagoa da, kutsadura luminikoa izugarria baita. Igo zarete noizbait Sanmigelera gauez?? Iruñerritik heldu den argia izugarri handia da. Mendebaldeko jendartean geroz eta zailagoa da naturari atxikitako bizi bat egitea.

Jende batek, lurrean zer dagoen oso ongi daki, petroleoa, ikatza, urrea, mineralak, zementoa botatzeko tokia.... Lurra gure nahieran erabiltzeko eskubidea dugula pentsatzen jarraitzen badugu jai dugu.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak dioen bezala, lurrak, gure amalurrak, eta bertan bizi diren animalia eta landareek bizitzeko eskubidea ere badute eta hori gure bizimoduarekin lotu beharko dugu.

7. Entzungo zenuen Arbizun gertatutako istripua, "errua" putre batena izan omen da...
Maite

Tira, baliteke putrearekin elkar jo ondoren gertatu izana.

Putreen gaia "zaila" da, hartzarena, otsoarena eta beste hainbat animalia basatiena bezalakoa.
Animaliak espazio naturalik gabe uzten ari ditugu, geroz eta gehiago inbaditzen ditugu hauen guneak eta bizirauteko geroz eta zailtasun handiagoak dituzte.
Autobiak, eski pistak, autopista elektrikoak, telefonia dorreak, bideberriak..... non sartzerik ez dute!!
Gogoan daukazue Bakaiku alde horretan basurdeekin izaten diren istripuak?? Hauek Aralar eta Andia arteko ibilbidea egiten saiatzen dira eta guk HARRESI piloa jartzen diegu. Ez dute nondik ibili. AHT eginen balitz, beste HARRESI izugarria litzateke fauna guziarendako. Hori bai, Tentel batzuk Madrilera minutu batzuk lehenago helduko lirateke.
Espazio gutxirekin dabiltzanez, edo baliabide gutxirekin, Putreen kasuan bezala, axuri jaioberriak erasotu dituzte gosez amorratzen daudelako, ezen debekaturik baitago abere hilak basoan uztea, eta basozainek putreak elikatzeari uzten badiote, ba honelakoak gertatzen dira.

8. Zergatik uste duzu AHTren kontrako borroka moteldu dela? Denataz paso egiten dugu? Ez gara benetan ohartzen zer ekarri dezakeen AHTak? Edo, finean, onartu egiten dugu?
LORE

Herri mugimenduen borroka, borroka militantea da eta gora behera asko izan ditzake. Bestaldetik, soilik amalurraren defentsan hamaika borroka ditugu Sakanan, Nafarroan edo Euskal Herrian. Zer esanik ez, krisi garai honetan sortu diren beste asko: etxegabetzeak, langabezia itzela...

AHTren borrokak 20 urte daramatza eta 2007 inguruan mugimenduaren gailurra edo eman zen. Behin obrak aurrera egin dutela (bereziki EAEn) aurkaritzak ere beherakada izan du. Sakanan beherakada, AHT eginen ez dutelako izan da ordea, arriskua hor dugula behin eta berriz salatu nahi dugun arren.
Pasotismoa handitu denik ez nuke esanen. Akaso gazteen artean borrokarako grina gutxixeago ikusten dut, baina garbi hitz eginik, mugitu den jendea beti izan da gutxiengoa. Eta hori ez da ona ez txarra, errealitatea baizik.
Eta gero, borroka batzuk erakarpen handiagoa dute, edo makroproiektu batzuek beldur eta alarma gehiago sortzen dute.
Energia nuklearrak berebiziko beldurra eta aurkaritza sortzen du. Frakinak ere antzeko sentsazioak sortzen ditu, baina aldiz Autopista Elektrikoek ez dute ia aurkaritzarik sortzen. AHT berak ere aurkaritza handia sortu du, baina oro har, pasatzen zen eskualdeetan.

9. ¿Noiz bukatuko duzue daramazuen martxa hau? Beti duzue zerbait bronka armatzeko.
Periko

Gorriak sortu ginenak, beti ibiliko gara bronka armatzen.
Nola utzi bestela patrikak diruz betetzea baino beste helbururik ez duten inpresentableei nahi dutena egiten? Batzuendako amalurra berataz baliatzeko dagoen urdanga bat baino ez da. Frakin bidez akuiferoak kimikoz bete, errauketarekin airea toxinaz bete, mnediak soildu zementoa ateratzeko, basoak bota urbanizazio pjoak egiteko, golf zelaiak barne, autopista elektrikoak egin gehiegizko energia frantziar Estatuari saltzeko hemen Europako faktura elektriko garestienetakoa dugunean....

Kapitalismoak kapitalari, hots dirua metatzeari baino ez dio begiratzen, ez zaio natura axola, ez zaizkio pertsonak axola eta hori irrazionala izateaz gain, suizidioa ere bada.

Agurra

Txirrinka bihar Sakanatik pasako zaigu, Bergara bidean. Atxaldeko 3etan Irurtzunen izanen dugu Lizarrusti bidean.
Txirrindulak hartu eta gurekin bat egitera animatzen zaituztegu.