Jangela sortzeko asmoa du udalak

Guaixe 2010ko abe. 16a, 00:00
Ergoienako Udala osasun etxeko eta gizarte zerbitzuetako ordezkariekin hitz egiten ari da. Elkarrizketa horietan jangela zerbitzua eskaintzeko modua zehazten ari dira. Lizarragan, Unanun eta Dorraon dauden adineko pertsonei zuzenduta legoke programa hori. Eskaintza egin ondoren jendearen erantzunak esanen du egitasmoak aurrera jarraituko duen. Bitartean, Ergoienako Udalak heldu den urteko aurrekontuan 5.000 euro bideratu ditu jangelarako. 2011. urterako Ergoienako Udalak azaro akaberan egindako bilkuran onartu zuen heldu den urterako aurrekontua. Guztira 302.820 euro izanen ditu udalak erabiltzeko, aurten baino 25.000 euro gehiago. Aurrekontuak onartzearekin batera, Ergoienako Udalak erabaki zuen udal tasak dauden bezala uztea.Udan euskarazErgoienako Udalak heldu den urteko udan haur eta gaztetxoei zuzendutako programa jarriko du martxan. Haren bidez opor garaian txikiei aisialdirako eskaintzarekin batera, euskaraz aritzeko bidea ere jarri nahi die.  Horretaz gain, kanpoan bizi diren  ergoendarrei uda partean etxera etortzeko arrazoi bat gehiago eman nahi die udalak. Aurrekontuan 5.000 euro inguru jaso ditu Ergoienako Udalak enpresa baten bidez programa martxan jartzeko.Udal langileaErgoienako Udalak aurten estreinakoz langile bat izan du bere esanetara. Gizarte Zerbitzuen bidez egin da kontratazioa. Esperientzia positiboa izan denez, heldu den urtean errepikatzeko asmoa du. Diru-laguntzak jasoz gero udalaren asmoa da langilea urte guztirako kontratatzea,  lau hilabetez gizarte zerbitzuen bidez ariko litzateke lanean eta  gainontzeko zortziak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez eginen litzateke.Autobus zerbitzuaMaiatzaren 5etik, asteazkenero, Altsasuko azokara etortzeko autobus zerbitzua jarri zuen  Ergoienako Udalak. 2011n ere segituko du zerbitzuak. Unanuarrak eta dorrobarrak dira gehien erabiltzen dutenak.AseguruaOrain arte kontzejuek eta udalak aseguru etxe ezberdinak zituzten. Batzuk eta besteak ados jarri dira eta aseguru etxe berarekin lan eginen dute.