Ergoienari Bira emateko aukera

Guaixe 2011ko ira. 16a, 09:56
Ergoienako Udalak hainbat laguntzaile eta babeslerekin antolatuta, bihar, irailaren 17an, larunbatean, Ergoienako VII. Bira jokatuko da. Aurtengo ibilbidea Lizarragan hasi eta bukatuko da, baina tartean Dorrao eta Unanutik pasako da. Lasterketan aritzeko bihar bertan osatu daiteke inskripzioa, Lizarragan, lasterketa hasi baino ordu bat lehenago.Guztira 8,5 km gorabeheratsu hartuko ditu lasterketak. Lizarragatik Unanura joanen dira, tartean Dorraotik pasatuz, segidan Unanutik pasa eta Lizarragan bukatzeko. Gogorarazten da, biharko Ergoienako Bira Sakanako Kopako sari nagusirako baliagarria izango dela.Sari banaketa ere izango da biharkoan. Lehen 3 sailkatuendako, neska zein mutilendako, trofeo bana emango zaie. Beterano onenek ere trofeoa jasoko dute.Ergoiendarrendako propio sariak ere badira. Alde batetik, Ergoienan erroldatutako partaide guztiendako afaria izango da Zugain jatetxean, eta lasterketan helmugara iristen diren lehen gizonezko eta emakumezko ergoiendarrek kirol materiala erosteko 60 euroko txekea jasoko dute.Aipatzekoa da, gainera, antolakuntzak txirrindula eder bat zozketatuko duela parte- hartzaile guztien artean. Bukatzeko, txikienen kategorietan benjaminei, alebinei, haurrei, kadeteei eta jubenilei dominak banatuko zaizkie.Sariak ez dira metagarriak izango, hau da, saritu bakoitzak ezin izango du bat baino gehiago jaso, balio gehiena duena hautatu beharko du.