Iban Resano 5.a III. Mailako Euskal Herriko Aizkora Txapelketan

Guaixe 2012ko aza. 12a, 09:57
Igandean Aldazko pilotalekuak hartu zuen III. Mailako Euskadiko Aizkora Txapelketaren final handia. Txapelketan 30 aizkolari lehiatu ziren baina soilik seik lortu zuten finalera heltzea, tartean Iban Resano dorrobarra. Finalean aizkolari bakoitzak bost pago-enbor erdibitu behar izan zituen: 3 kanaerdiko eta bi 60 ontzako. Kanporaketetan bezalaxe Ruben Saralegi leitzarrak lan aparta egin zuen eta lehen aizkorakadatik hartu zuen probaren burua. Atzetik Sakanako Aizkora Eskolan trebatutako Arkaitz Jauregi ilarduiarrak eta Julen Kañamares arostegiarrak jarraitzen zioten. Hirugarren enborra ebaki eta gero 19 segundoko tartea zuen Jauregirekiko, eta alde hori areagotu egin zuen. 12:56.56 denboran egin zituen lanak Saralegik eta 52 segundo beranduago Jauregik (13:48.62), bigarren postua lortzeko Kañamaresekin lehia polita izan eta gero. Saralegik eta Jauregik sari polita lortu zuten: hurrengo urtean 2. mailan jokatuko dute. Iban Resano 5.a sailkatu zen (15:38.88) eta hurrengo denboraldian 3. mailan jarraituko du. Finalera iristea zen bere helburua eta hori, behintzat, lortu zuen.