Haurra izateak saria du Ergoienan

Guaixe 2014ko urt. 30a, 12:00
Haurrak Dorraoko jolas parkean
Haur jaioberriendako laguntzak bere horretan mantendu ditu Ergoienako Udalak. 2013an familia bat izan zen onuraduna

Ergoienako Udalak jaiotzak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza du indarrean. Ordenantza horren arabera, Ergoienan jaiotako haurren gurasoei diru-laguntza ematen die Udalak, gurasoek Udalean eskaera eginez gero: 400 euro aurreneko umea izatean, 700 bigarrena denean eta 1.000 hirugarrenaren kasuan.

Bete beharreko baldintzak
Diru-laguntza jasotzeko, ondoko baldintzak bete behar dira: lehena, Ergoienan erroldatuta egotea; bigarrena, Ergoienan bizitzea eta, azkena, udalarekin eta kontzejuarekin inolako zorrik ez izatea.

Kattukako matrikulan laguntza
Ordenantza hori bere horretan mantendu, eta horretaz aparte, Ergoienako Udalak laguntza gehiago jasotzeko beste aukera bat gaineratu zuen aurreko urtean, jaiotzak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzan: Kattuka haur eskolako matrikulan laguntzea. Izan ere, Lakuntzako eta Arbizuko udalek sustatu dute Kattuka eta bi herrietako haurrez aparte inguruetako herriko neska-mutikoak hartzen dituzte. Bi udal sustatzaileak ez diren gainontzeko herrietako haurren gurasoek gehiago ordaindu behar dute matrikulagatik. Horrela, Ergoienako Udalak, ordenantzaren aldaketarekin, gurasoei Kattuka haur eskolako gastuan laguntzea onartu zuen, herri sustatzaileetatik besteenganako diferentzia hori bere gain hartuz. Beti ere eskariak ordenantzarako zehaztutako kopurua gainditzen ez badu. Kasu horretan, laguntza eskatzaile guztien artean banatuko litzateke.

Aurten ere diru-laguntza egonen da
Ergoienako Udaletik adierazi digutenez, Udalak aurten 4.000 euroko diru poltsa du jaiotzak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzarako. Joan zen urtean udalak diru-laguntza bakarra eman zion Lizarragako bikote bati. Haurren esperoan dauden ergoendarrek jakin dezatela diru-laguntza hori eskura dutela.