Ergoienan korrika

Guaixe 2014ko ira. 20a, 12:00

Gaur, larunbatean, 17:00etatik aurrera, Ergoienako Bira hartuko du Lizarragak

Ikasturtearen hasiera eta gero, Ergoienako birak irekitzen du Sakanako atletismo proben egutegia. Aurten 10. edizioa beteko du Ergoienako Birak, data borobila eta gaur, larunbatean, hilak 20 jokatuko da Lizarragatik hasita, 17:00etatik aurrera.

8,5 km gorabeheratsu
Ergoienako Udalak hainbat babesle eta laguntzailerekin antolatutako probak bailarako hiru herriak batzen ditu, 8,5 kilometroko ibilbide gorabeheratsuan. Aurten Lizarragan hasi eta bukatuko da, Unanutik eta Lizarragatik pasa eta gero. Paisai bikainetatik barna ibiliko dira korrikalariak. Proba Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sarirako puntuagarria da. Aurreko urtean Javi Moreno altsasuarra izan zen irabazlea.

Lizarragako helmugatik pasatzen diren lehendabiziko hiru korrikalariek, gizonezkoek eta emakumezkoek, trofeoa jasoko dute. Horretaz gain, Ergoienan erroldatutako lehengo korrikalariak sari bikaina jasoko du: bi pertsonendako afaria Zugain jatetxean. Bestalde, korrikalarien artean ibarreko produktuekin osatutako loteak zozketatuko dira.

Aurretik txikiak
Proba nagusia baino lehen kategoria txikietako lasterketak jokatuko dira, 17:00etan hasita. Benjaminak, kimuak, haurrak eta kadete eta jubenilak lehiatuko dira. Irabazleek domina jasoko dute.

Izena ematea zabalik
Lasterketa egunean bertan, proba baina ordu bat lehenago.