Sastrerenan estalpea eraikiko du kontzejuak

Guaixe 2013ko ira. 17a, 11:26
Errozko gizarte egoitza eta jatetxea hartzen ditu Sastrerena etxeak. Haren fatxada nagusian, Nafarroa plazara ematen duen horretan, aurreikusi da estalpea eraikitzea. Errozko Kontzejuarena da etxea eta berak sustatu du lana. Arkupeak eginda, estalpea izanda, plaza inguruari erabilera handiagoa eman nahi diote kontzejutik. Esaterako, estalpe berriak bai jatetxearen bai gizarte egoitzaren zerbitzukoa izan daiteke. Baina festetan eguraldi txarra egiten badu musika hartuko luke. Hainbat aukera aztertu ondoren, Errozko Kontzejuak erabaki du Sastrerena etxeko fatxada nagusiari itsatsia eraikitzea estalpea, izkinan, haizearengandik babestuago egonen delako horrela. Egurrezko egitura (zutabeak harrizko oinarrien gainean jarriko dira) eta teilak izanen ditu, inguruko eraikinen tipologia errespetatuz. Estalpeak 12 metro luze eta 3 metro zabal izanen ditu. Aldameneko etxerako sarbidea errazteko alde horretan arkupeak ez du teilatuan hegalik, abazpirik izanen. Arakilgo Udalak hasierako onespena eman dio lanari eta lanak udazkenean hastea aurreikusten da. Lanengatik Errozko Kontzejuak 21.131,57 euro ordainduko ditu eta aurrekontuari aurre egiteko Arakilgo Udalaren 9.298 euroko diru-laguntza izanen du.