Zabaleta txapeldun Gasteizen eta txapeldunorde Zarautzen

Guaixe 2016ko abu. 23a, 13:33

Altuna III.arekin batera, Olaizola II.a eta Untoria menpean hartu zituzten Andra Mari Zuriaren finalean. Aldiz, Aspekoak errebantxa hartu eta asteburuan Zarautzen gailendu ziren

Jose Javier Zabaletak eta Jokin Altunak, Altuna III.ak, bikote bikaina osatu dute udan. Gasteizko Andra Mari Zuriaren torneoa irabazi zuen aipatu Aspeko bikoteak, Asegarceko Aimar Olaizolari eta Alvaro Untoriari 22 eta 7 menpean hartu eta gero, partida ikusgarrian. Altuna III.ak eta Zabaletak goitik behera dominatu zuten partida. Atzeko koadroetan Untoria zokoratu zuten eta Aimar Olaizola ekidin zuten. Etxarrengo atzelariak bere sentsazioak berreskuratu zituen eta sekulako lezioa eman zuen. Altuna III.ak Andra Mari Zuria Torneoko pilotari onenaren saria jaso zuen.

Bi bikoek Zarauzko Pilota Torneoan elkar ikusi zuten berriz. Kasu honetan, ordea, paperak aldatu zituzten, Zarauzko finalean Olaizola II.a eta Untoria gailendu baitziren. Partida oso estuan, 22 eta 18 irabaztea lortu zuten Olaizola II.ak eta Untoriak, izerdi askoren ondoren. Izan ere, bi bikoak paretsu ibili ziren. 9 aldiz berdindu zuten. Zabaletak ongi jokatu zuen atzean, baina Untoriak etxarrendarrari eusten jakin zuen. Aldiz, aurreko koadroetan Altuna III.ari tantoak bukatzea kosta egin zitzaion eta Olaizola II.a, nahiz eta hasieran akatsak egiten hasi, bukaeran hobeto aritu zen eta Zarauzko txapela janztea lortu zuen, zazpigarren aldiz.

Orain Bilbo
Zarauzko Torneoa bukatuta, Bilboko Aste Nagusiko Torneoa dago abian, dagoeneko. Kasu honetan Zabaleta eta Altuna III.a ez dira elkarrekin ariko. Altuna III.ak Rezustarekin osatuko du bikoa eta Zabaletak Elezkano II.arekin.
Irribarria eta Merino II.aren kontra ariko dira Altuna III.a eta Rezusta gaur, asteartean, eta garaileek Olaizola II.aren eta Untoriaren kontra jokatuko dute finalerdia. Beste adarrean, Elezkano II.ak eta Zabaletak Bengoetxea VI.a eta Berioz irabaztetik datozen Urrutikoetxea eta Larunbe izango dituzte arerio bihar, asteazkenean, bigarren finalerdian. Final handia larunbatean jokatuko da.

Ondoren Donostia
Bilboko Torneoa jokatu eta gero, Donostiako Hiria Torneoan murgilduko da Zabaleta. Atzera ere Altuna III.arekin osatuko du bikoa Etxarrengoak. Gainontzeko bikoteak Irribarria-Rezusta, Olaizola II.a-Beroiz eta Artola-Albisu izango dira. Lehen finalerdian Irribarriak eta Rezustak Olaizola II.a eta Beroiz izanen dituzte aurkari, agorrilaren 29an, astelehenean eta bigarren finalerdian Artola eta Albisuren kontra lehiatuko dira Altuna III.a eta Zabaleta, agorrilaren 30ean, asteartearekin. Finala irailaren 1ean jokatuko da.