1.Dendako kartelak honela dio: Vda. de L. de Sabando, tejidos y confecciones.
Nire aitona zenak, amaren aitak, sortu zuen denda 1912an. 1925 urtera arte berak eraman zuen negozioa, amonaren laguntzarekin, 1925ean aita hil zenera arte. Eta orduan amonak hartu zuen ardura. Hortik dator izena, Viuda de Sabando. Orduan herriz herri joaten ziren saltzera, zalgurdian. Irurtzungo feriara eta inguruko herrietara joaten ziren eta denda antzekoa jartzen zuten. Altsasura igandetan joaten ziren. Zubeztia elkartearen baxuetan, orduko Zirkuluaren baxuetan, sukurtsala zuten, eta igandean zabaltzen zuten.
2. Zer saltzen zuten?
Gehienbat oihalak, eta baita ere jantziak, trajeak, gabardinak eta beste. Bitxikeri moduan, garai haietan norbait hiltzen zenean zurezko kaxa neurrira egiten zitzaion, eta kaxa forratzeko oihala erostera gurera etortzen zen jendea. Kartoizko letra doratu batzuk ere saltzen ziren, hildakoaren inizialak jartzen baitziren kaxan, gurutzearekin batera. Kaxa forratzeko tela eta inizialak jartzeko letrak eta gurutzeak gurean saltzen ziren.
3. Denda beti Etxarriko plazan egon da?
Bai, gure etxean. Denda, dendaostea eta zalgurdia eta zaldia egoteko kotxe-tokia genuen. Beranduago, zalgurdia utzi eta furgoneta erosi zuten. Nire amona gida baimena atera zuten Nafarroako lehendabiziko emakumeetako bat izan zen. Horrela, herrietara furgonetarekin joaten hasi ziren. Seme-alabak laguntzen zioten: Pedrito osaba, sastrea izan zen beste osaba bat, prakak eta atorrak josten zituena… guztien artean eramaten zuten denda, baina gutxinaka norberak bere bidea hartu zuen eta ama gelditu zen amonarekin. Eta ondoren aita batu zitzaien. Amona hil arte egon zen lanean, etxeko negozioekin gertatzen zen bezala.
4. Noiz eman zen aldaketa, hau da, orduko oihalak eta jantziak saltzetik gaur egun ezagutzen dugun dendara?
Oihalen salmentak behera egin zuen nabarmen, etxeetan josteari utzi zitzaiolako. Hortaz, oihalak ez ziren apenas saltzen. Horretaz gain, oihalgintza fabrika eta enpresa askok ateak itxi dituzte. Guk duela gutxira arte forroak eta vichy laukidun oihalak saltzen genituen, batak eta halakoak egiteko, baina krisiaren eraginez eta txinatarrek produktuak askoz ere merkeago egiten dituztenez, enpresa askok ateak itxi dituzte eta hornitzailerik gabe geratzen zoaz. Egun, emakumeendako, gizonendako eta haurrendako barruko arropa, ohe-arropa –maindireak, mantak…– eta lanerako arropa –buzoak, praka urdinak… saltzen dugu, besteak beste.
5.Betiko denda da zuena. Herrietan erreferente izaten dira halako dendak.
Bai, eta denetatik pixka bat izan behar duzu. Esaterako, txapelak saltzen jarraitzen dugu. Nagusiek erosten dituzte, eta baita ere gazte batzuk. Beste toki batzuetan ez dira errazak aurkitzen, eta gurean baditugu. Laneko arropa bezala. Jende asko dator laneko arropa erostera, toki gehienetan ez baitago. Eta gero, jendeak gauza berriak eskatzen dizkizu eta produktu berriak ekartzen dituzu. Produktuetan eman den aldaketa izugarria da. Lehen galtzontzillo eta kulero mota bakarra zegoen, txuria, eta gaur egun dagoen barietatea ikusgarria da. Eskaeretara egokitu behar dugu, eta guk ere barietatea eskaintzen dugu.
6.Erosteko orduan aldaketa eman da. Zer erosten zen lehen eta zer orain?
Etxarri Aranatz lehen nekazal herria zen. Industrializatu zenean jendeak diru gehiago zuen, beste behar batzuk sortu ziren eta beste gauza batzuk erosten hasi zen. Diru iturria soroak eta ganadua zirenean, lehen mailako produktuak erosten ziren, soilik beharrezkoa zena, eta ahal dutenean ordaintzen zuten. Orduan fidatu egiten zen, zorretan utzi, eta jendeak ahal zuenean ordaintzen zuen, epeka. Eta askorekin trukea egiten genuen. Patatak, alobiak edo ahal zutena ekartzen zuten eta trukean ohialak ematen zituzten.
Esaterako, seme-alabak ezkontzen zirenean “arreo” zelakoa ematen zitzaien. Bat-batean erosteko diru asko behar zen, eta, orduan, jendeak gutxika erosten zuen, eta epeka ordaindu. Adibidez, maindireak piezaka saltzen ziren. Pieza bat eman eta gutxinaka ordaintzen joaten ziren eta emakumeak, bitartean, maindireak josi eta brodatu egiten zituzten.
7.Zenbat aldatu den hori!
Izugarri! 102 urte ditu gure dendak, eta garai haietatik hona izugarri aldatu da guztia.
Fernando Urkijo, aita: Maindireak piezetan saltzen genituen orduan, 25-30 metroko piezak ziren. 1955 urtetik 1990 urtera ibili naiz herriz-herri saltzen, eta ez dakit zenbat pieza salduko nituen, zientoka! Eta pentsa aurretik aitaginarrebek saldu zituztenak! Etxe guztietara eramaten nituen. Kotoizkoak ziren. Egun kotoia beste produktuekin nahasten dute, zikinkeriak saltzen dizkiete.
Maria Dolores: Alergiak eta dituen jendea gurera etortzen da, kotoizko maindire txuri haiek erostera.
8. Aldaketa ere kontuak egiteko moduan nabarituko da. Lehen arkatza eta paperarekin egingo ziren kontuak…
Bai, arkatza eta paperarekin bai, baina bereziki buruz. Aitak eta amak buruz kontuak azkar asko aterako dizkizute…
9. Maria Dolores, beti egin duzu lan Sabandon etxean?
Idazkaritza ikasi nuen eta tarte batean bulego batean egon nintzen lanean, baina oso gutxi. Bizitza guztia daramat dendan lanean. Ez zait herriz-herri saltzen ibiltzea tokatu, aita ibiltzen zen horretan. Gustura nabil dendan. Hemen jaio eta hazi naiz, eta denda barruan daramat.
10. Erosleak zer eskatzen du?
Barietate askoz ere gehiago. Gauza guztietatik zerbait izan behar duzu, eta gauza bakoitzeko sorta bat, barietatea. Herrian geroz eta jende nagusiago dago, eta hiriburura joatea geroz eta gehiago kosta zaie. Horregatik, barruko arropa, hariak, toallak, izarak, arropa eta beste herrian bertan eskura izatea izugarri eskertzen dute.
11. Inguruko herrietako bezeroak dituzue?
Bai. Lizarragakoak, Unanukoak, Arbizukoak… Herri askotan zeuden denda txikiak itxi dituzte, eta herri horietako jende hori Etxarrira dator erostera, edo Altsasura.