Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sarea osatuz

Guaixe 2014ko abe. 18a, 18:56

Dokumentala eta erakusketa aurkeztu eta konpromiso bilketa abiarazi dute. Aldi berean, ilbeltzaren 10ean Bilbon Now Euskal Herrira mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute. Zenbait herritan autobus txartelak salgai daude dagoeneko.

Sare sortu da Etxarri Aranatzen. Sentsibilitate ezberdinen arteko herritar sarea da. Euskal preso, iheslari eta deportatu zein bere inguru hurbila barnebildu nahi ditu, guztien etxeratzea ahalbideratuko duen sare herritar bat ehunduz. Aurrenekoei legez dagozkien eskubideak berrezartzeko helburuarekin eginen du lan Sarek, besteak beste presoen sakabanaketa politikarekin bukatzea.

Sareko kideek aurkezpenean adierazi zutenez, “sufrimendua dakarten neurriekin bukatu beharra dago. Ezinbestekoa izanen da euskal jendartea osatzen dugun guztion arteko zatiketa gainditzeko batetik; giza eskubide guztien errespetua bermatzeko bestetik, eta euskal gizarteak bizi duen gatazkari benetako konponbidea emateko azkenik”.

Horretarako, herritar bakoitzaren konpromisotik abiatuta, Sarek eragile ezberdinen aktibazioa lortu nahi du: “norberaren aukera, errealitate eta eremutik abiatuta pertsona bakoitzaren ekarpena hauspotzea eta sustatzea”. Herriko, Sakanako eta, oro har, Euskal Herriko bizitza sozial zabalaren elkarlana bilatu eta bultzatu nahi du Sarek.

Dinamika
Sarek Etxarrin eta Sakanan euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko dinamika bat aurrera eramanen du eta haiek “pairatzen dituzten eskubide urraketa horiekin amaitzeko sakandarron  konpromisoak” bilduko ditu. Egiteko horretan, lehenik, Urruti vs gertu dokumentala aurkeztuko dute ibarrean barna. Film horretan “senideen testigantza, sakabanaketa politikaren salaketa eta, azken batean, euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarrikapena” jasotzen da.

Bestetik, Dispertsioaren aurpegiak. Sakabanaketa politikak eragiten duenaz izenburuko erakusketa ikusgai jarriko du Sarek Etxarri Aranatzen, gero Sakanan barna zabalduko dutena. Bestalde, sarekideek herriko eragile eta norbanakoekin harremanetan daude konpromiso zerrenda bat adostu, osatu eta haiekin konpartitzeko, haiek bete eta jasotzeko.


Dokumentalaren emanaldiak
Ilbeltzaren 3an, larunbatean, 19:00etan Etxarri Aranazko kultur etxean.
Ilbeltzaren 4an, igandean, 18:30ean Lakuntzako kultur etxean.
Ilbeltzaren 8an, ostegunean, 19:30ean Arbizuko udaletxean.
Ilbeltzaren 9an, ostiralean, 19:00etan, Olatzagutiko kultur etxean.
20:00etan Irurtzungo kultur etxean.
20:00etan Urdiaingo udaletxean.
21:30en Bakaikuko udaletxean.
Ilbeltzaren 11n, igandean, 19:00etan, Iturmendiko auzo-gelan.

Erakusketaren ordutegia (Etxarri Aranazko kultu etxean)
Abenduak 20, larunbata, 18:30etik 20:30era .
Abenduak 26, ostirala, 21:00etatik 22:00etara.
Abenduak 27, larunbata, 17:00etatik 19:00etara.
Abenduak 28, igandea,17:00etatik 21:00etara.
Ilbeltzak 3, larunbata,18:00etatik 20:30era.
Ilbeltzak 4, igandea, 17:00etatik 21:00etara.