Zubietak, Elezkanok, Bengoetxeak eta Untoriak aukeratu dute materiala

Guaixe 2015ko ots. 27a, 10:11

Elezkanok Berasaluze ordezkatuko du eta Untoriak Aretxabaleta. Zubieta eta Bengoetxea kontentu daude ordezkoekin

Binakako Txapelketa luzeak lesioak eta ordezkoak dakartza berarekin. Larunbatean Bilbon Berasaluze eta Zubieta Bengoetxea eta Aretxabaletarekin ziren jokatzekoak, baina Berasaluzek eskuak justu zituela bukatu zuen azkeneko partida eta atseden hartzea erabaki du. Danel Elezkanok ordezkatuko du. Eta Aretxabaletak arazoekin jarraitzen duenez, Alvaro Untoriak hartuko du bere tokia. Laurek atzo aukeratu zituzten larunbateko partidako pilotak eta titularrek errespetuzko hitzak izan zituzten ordezkoen inguruan.

“Elezkanok maila emango du, ez dut inolako zalantzarik” zioen Oinatz Bengoetxeak. Iritzi berekoa zen Aitor Zubieta. “Bikote berria dut, eta ona. Oso langilea da eta hori frontoian nabaritu egiten da. Joko handia du eta ni oso gustura nago berarekin” adierazi zuen etxarriarrak. Izan ere, Binakakoan sekulako maila ematen ari dira ordezkoak. “Ilusio eta joko handiarekin datoz. Danelek ongi egingo du larunbatean” gaineratu zuen Oinatzek. Untoriak bost partida jokatu ditu Binakakoan, ordezko moduan, eta sekulako maila eman du.

Aitor Zubietak aipatu zuenez, azkeneko partida nahiko juxtu bukatu zuen baina larunbaterako primeran egotea espero du.