Udal eta kontzeju hauteskundeak 2015

EH Bilduk 95 puntuko programa aurkeztu du

Guaixe 2015ko api. 30a, 17:29
Plazan egin zuen aurkezpena EH Bilduk.

Etxarriko EH Bilduk udalerako hautagaitza asteazkenean aurkeztu zuen. Eta harekin batera herri-programaren ildo nagusiak aletu zituzten. Eneka Maiz alkate-gaiak udalean aurrera eraman nahi duen programaren lanketan 35 etxarriar aritu dira, bederatzi lantaldetan banatuta. 17 arlotan 95 puntu zehatz proposatzen dira.

Bilduren sorrerari aipamena eginez esan zuten, “urteetan elkarri bizkar emanda bizi ginen herritarrak gure indarra batzea erabaki genuen, herrigintzan aurrera egiteko. Herritarren parte-hartzea eta burujabetza oinarri dituen politika eredu berria ekarri genuen”. Herrian eta ibarrean horretan segitzeko nahia azaldu du EH Bilduk. Bestalde, Maiatzaren 24an Nafarroako Parlamenturako hautestontziak “aldaketaz, denondako kudeaketaz, etorkizunaz, geure erabakietaz” betetzeko deia egin du.

Ildoak
Kolore banarekin izendatu ditu koalizioak bederatziak. Lehena gorria da eta bere baitan udalaren ogasuna, gizarte zerbitzuak, hirigintza eta herri lanak eta udal zerbitzuen kudeaketa daude. Kolore urdinarekin Etxarri gardena dena izendatu dute: parte-hartzea, komunikazioa eta kudeaketa gardena. Kolore berdea energia burujabetzaren, uraren, hondakinen eta basogintzaren kudeaketari eman dio.

Udalak garatu beharko lukeen politika feministak kolore morea du. Koloretako Etxarri izendapenak Etxarriko EH Bilduren euskara, hezkuntza eta kultura eta kirol proposamenak jasotzen ditu. Txuri, gorri, berdeak, aldiz, erabakitze eskubidea, nazio eraikuntza eta gatazka politikoaren konponbidea hartzen ditu bere baitan. Laranja kolorea du tokiko garapena, herria eta ibarra kontuan hartuz.