Etxarriko festetako kirol eskaintza

Guaixe 2015ko uzt. 31a, 10:28

Egunotan txirrindularitza, pilota, pala, herri kirolak, aizkora, futbola… izanen dira Etxarrin

Etxarri Aranazko festek kirol eskaintza zabala ekarriko dute. Larunbatean, 17:30ean, pilota eta pala partidak antolatu ditu Gure Pilota elkarteak. Igandean herri kirolen txanda izango da, eguerdiko 12:30ean. Aizkora apustuak eta harri jasotze erakustaldiak izanen dira, eta baita Sakanako Aizkora Eskolako ikasleen erakustaldia ere.

Asteartean futbolaren txanda izanen da. 17:00etatik aurrera futbol-plaza txapelketa jokatuko da Kale Nagusian. Bukatzeko, asteazken goizean, 11:30ean, neska gazteen pala partidak antolatu ditu Gure Pilota elkarteak eta 17:00etan XXVIII. Iruñerriko Itzuliko bigarren etapa jokatuko da Etxarri Aranatzen, Aralar Txirrindularitza Klubak eta Ermitagaña txirrindulari taldeak antolatuta.