Etxarritik bargara, 40 urtez

Guaixe 2015ko urr. 2a, 11:42

40. Mendira Joan-Etorria jokatuko da igandean, 11:00etan, Etxarri Aranatzen

Igandean, lastailaren 5ean, Mendira Joan-Etorriaren 40. edizioa jokatuko da Etxarri Aranatzen, goizeko 11:00etan, Etxarriko ferietako ospakizunen barruan. Etxarriko Udaberri elkarteak, Etxarri Aranazko Udalak eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatu dute mendi lasterketa, hainbat laguntzailerekin batera. Etxarrikoa Nafarroako Mendi Lasterketen Koparako azken proba puntuagarria da.

1975. urtean sortu zen proba, lagunen arteko apustu bat zela medio. Ezetz Etxarriko mendi gaina plazatik 40 minutuan egin zuten apustu Patxi Huizik, Felix Mozok eta Angel Mari Agirrek. Patxi Huizik irabazi zuen, 37 minututan eginda. Poliki-poliki kirol lasterketa bihurtu zen apustua. Probaren 40. urteurrena den honetan, Udaberrik makina bat hitzaldi eta ekitaldi antolatu ditu urtean barna, igandeko probarekin borobilduko dena. Mendira Joan 10 kilometroko luzera du eta 572 metroko desnibel positiboa. Gehiengo altuera mendi gainean, Urbasa-Andiako bargan hartuko du (1.065m).

Aurreko urtean 104 korrikalari lehiatu ziren Etxarritik Urbasako Bargara igo eta jaisteko lasterketan, horietatik 39 sakandarrak. Irabazleak Mikel Beunza (46:24) eta Nerea Amilibia (57:36) izan ziren. Beunzak ez zuen lortu Juan Mari Garinek 2001ean ezarritako errekorra hobetzea (42:50). Laugarrena eta lehen Jose Luis Beraza uhartearra izan zen (47:39) eta emakumezkoetan lehen sakandarra proban hirugarren emakumea azkarrena izan zen Izaskun Beunza olaztiarra izan zen (59:09).
40. urteurrena den honetan, sarien kopuruak igo ditu Udaberri elkarteak. Errekorra apurtuz gero, 300 euroko gainsaria jasoko du irabazleak.

Izena ematea zabalik
Parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa da. Izen ematea www.mendizmendi.com web gunean egin behar da, edo lasterketaren egunean bertan, 10 euro ordainduta. Korrikalari bakoitzak oroigarri bat jasoko du bukaeran, eta probaren ondoren auzatea izanen da. Antolakuntzak proban parte hartzera eta proba zuzenean jarraitzera animatu ditu sakandarrak.

Sariak (gizon eta emakumeendako)
Lehenengoek: 100€, txapela eta sari berezia
Bigarrenek: 75€ eta sari berezia
Hirugarrenek: 50€ eta sari berezia
Lehen etxarriarrek: 50€ eta XALOK saria
Bigarren etxarriarrek: Sari berezia
Hirugarren etxarriarrek: Sari berezia
Lehen beteranoek: Sari berezia
*Probako errekorra gaindituz gero (Juan Mari Garinek 2001ean: 42:50): 300 €-ko saria.

mendirajoanetorria.16mb.com
Probaren inguruko informazioa.