Nazabalek hamargarrena nahi du

Guaixe 2015ko urr. 2a, 12:43

Igandean, 13:00etan, Nafarroako I. Mailako Txapelketako finala jokatuko du Nazabalek Etxarri Aranatzen

Etxarri Aranazko feriak, beste behin, puntako aizkolarien bilgune izango dira. Izan ere, igandean Nafarroako I. Mailako Txapelketako finala jokatuko da Euskalerriari pilotalekuan, 13:00etan. Bertan, Uharte Iruñeko kanporaketan finalerako txartela lortu zuten 5 aizkolariak lehiatuko dira: Floren Nazabal etxarriarra, Iker Vicente otsagiarra, Juan Jose Lopez lezaundarra, Jon Rekondo leitzarra eta Ruben Saralegi leitzarra. Ondoko lana egin beharko dute: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu.

Egungo txapeldun Floren Nazabal da txapela janzteko faborito nagusia. Aurreko urtean disko-herniarekin arazoak izan zituen etxarriarrak eta finala irabaztea lortu zuen, baina izugarri sufrituz. Euskal Herriko finalari uko egin behar izan zion. Ordutik osatzen ibili da etxarriarra eta badirudi ongi dabilela, bikain aritu baitzen irailaren 20an Uharte Iruñean jokatutako Nafarroako kanporaketan. Nazabal izan zen jaun eta jabe kanporaketan (14:33), eta ia minutuko aldea atera zion txapelketa bikaina egiten ari den Daniel Vicente gazte otsagiarrari (15:27). Egun 9 txapel ditu Nazabalek, eta jaioterrian hamargarrena jantzi nahiko luke, zenbaki borobila. Horretarako, baina, lan handia du aurretik baina espero dezagun atzera ere etxarriarra podiumaren gorenean ikustea. Urriaren 12an jokatuko den Euskal Herriko maila nagusiko final handirako ere indarra emango lioke horrek.