Ezin du gehiago

Guaixe 2015ko urr. 5a, 15:35
Nazabalek jantzi zion txapela Vicenteri.

Disko-hernia arazoak ez dira konpondu eta aizkoratik erretiroa hartzea erabaki du Floren Nazabalek igandean Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketan aritu eta gero

Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketa
Txapelduna: Iker Vicente (Otsagi): 30:17.30
Bigarrena: Floren Nazabal (Etxarri Aranatz): 31:56.81
Hirugarrena: Juan Jose Lopez (Lezaun): 33:32.34
Laugarrena: Jon Rekondo (Leitza): 34:33.45
Bosgarrena: Ruben Saralegi (Leitza): 35:22.92

 


Floren Nazabalen bizkar-hezurrak makina bat arazo eman dizkio Etxarri Aranazko aizkolari handiari. Disko-hernia dela eta, oinaze askorekin ibili behar izan du etxarriarrak. Aurreko urtean, esaterako, Etxarriko ferietan jokatutako Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketa irabazi eta gero segituan jokatzekoa zen Euskal Herriko Txapelketan aritzeari uko egin zion, Nafarroako finalean oinazez beteta aritu eta gero. Urte honetan plazatatik kanpo ibili da eta denetarik egin du disko-herniako arazoak gainditzeko. Berriki Nafarroako txapelketako kanporaketan eta Euskal Herriko Txapelketako kanporaketan aritu zen etxarriarra eta bazirudien ongi zebilela; finalerako sailkatu zen eta igandean Nafarroako bere 10. txapela litzatekeena janzteko faborito nagusia zen. Baina guztia joan da pikutara, igandeko finala baino bi egun lehenago atzera ere disko-hernia arazoekin hasi baitzen, oinaze ikaragarriekin. Etxarriarra finalean aritu edo ez, hor ibili zen, baina azkenean Etxarriko ferietan jokatutako Nafarroako finalean aritzea erabaki zuen. Oso gutxik zekiten zein zen bere egoera. Ongi hasi zen, aurretik, baina finala bukatzeko bi enborren faltan Iker Vicentek hartu zion aurrea eta bera izan zen txapelduna (30:17), Nazabalen aurretik (31:56). Proba bukatu eta berehala iritsi zen sorpresa: Nazabalek argi utzi nahi izan zuen Etxarrikoa bere azken plaza izango dela, erretiroa hartzen duela. Euskal Herriko finalean ez da ariko eta bere ibilbideari agur esan dio.

Txapeldunordea
Uharte Iruñeko kanporaketan sailkatutako 5 aizkolariak hartu zuten parte igandean Etxarri Aranatzen jokatutako Nafarroako I. Mailako Aizkora finalean: Floren Nazabal etxarriarra, Iker Vicente otsagiarra, Juan Jose Lopez lezaundarra, Jon Rekondo leitzarra eta Ruben Saralegi leitzarra. Lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar zituzten. Jendetza bildu zen Etxarriko pilotalekuan aizkolarien lana ikustera. Jakina, txalo eta animo gehienak Nazabalendako ziren. Izan ere, bera zen faborito nagusia. Inork gutxik zekien atzera ere oinazeekin hasi zela. Etxarriarra ongi hasi zen, gainontzekoei aurrea hartzen. Atzetik 18 urteko Iker Vicente bere erritmoan zetorren lanean, behetik gora eginez. Florenek txapela irabaziko zuela zirudien, baina zortzigarren enborrean trabatu egin zen; ezinean ibili zen etxarriarra eta minutu ederrak galdu zituen. Gaizki pasatu zuen, oinazeekin, ezinean. Hor izan zuen bere aukera Iker Vicentek. 18 urteko gazteak onartu zuen “nahiko sufritu” zuela, baina sekulako lana egiten jakin zuen eta finala irabaztea lortu zuen (30:17). Nafarroako lehen mailako txapela jantzi duen aizkolari gazteena izan da Vicente. Floren Nazabalek bigarrena postuari eustea lortu zuen (31:56), aizkorakada bakoitzeko zaleen txaloak jaso zituelarik.

Bukaeran aitortu zuen Nazabalek Etxarrikoa bere azken plaza izan zela. Pena izan zen txapelarekin ez erretiratzea. Kontrako sentimenduak bizi ziren Etxarrin: txapeldun handi baten agurra, eta aizkoraren munduan etorkizun bikaina duen Iker Vicente aizkolariaren aireratzea. Egun historikoa, aizkoran. Nolanahi ere, Euskal Herriko maila nagusiko 6 txapelekin eta Nafarroako 9 txapelekin esan du agur Nazabalek, beste hamaika txapelketa eta torneo ere irabazita.




Elkarrizketa: Floren Nazabal
Aizkolaria

Floren, gaur Nafarroako txapeldunorde izan zara.
Bai, txapeldunordea. Finalean aurretik joan naiz baina egur batean geratu naiz hor, Ikerrek aurrea hartu du eta txapela berarendako izan da.

Detaile polita txapelduna izandakoa txapeldun berriari txapela janztea…
Bai hala eskatu didate. Hori normala da, niri ez zitzaidan inporta. Errelebo bezala bera dator eta berari txapela jartzea normala da.

Erreleboa heldu dela diozu, eta zuk erretiroa oraintxe bertan onartu duzu.
Bai, nik garbi nuen. Aurreko urtean erretiroa hartzea nahi nuen, baina lesioa zela eta gauzak ez zitzaizkidan atera nik nahi bezala, eta aurten ere ez. Astelehenean, Pilarika egunean Euskal Herriko finala dut jokatzeko, baina ez naiz azalduko. Gaur bukatuko da nire historia.

Floren, lesioarekin oinazeak jota egon zara azkeneko urte luze honetan, eta azken bi egunotan Nafarroako finalera atera edo ez atera ibili zara…
Nik dudana da bizkar hezurrean desgastea. Disko-hernia dut, diskoak desgastatuta, eta duela bi egun hasi ziren berriro oinazeak. Azken honetan ezinean nago eta horrela ez dago aritzerik.  

Hortaz, gaurkoa izan da zure azkeneko saioa?
Bai, gaur izan da nire azkeneko plaza, gaur bukatzen da historia, jaioterrian.

Hemendik aurrera Aizkora Eskolan irakasle ikusiko zaitugu?
Aurten ez naiz ibili Aizkora Eskolan, denbora faltagatik eta erdoziatarren esku utzi dugu eskola. Baina beno, bateonbati lagundu behar bazaio pozik lagunduko diot.

Eskerrik asko, Floren, egongo gara.
Zuei.