Odol-emaileendako dozena erdi domina

Guaixe 2016ko urt. 21a, 12:50
Marga Jaka, Asun Garmendia, Pedro Eskiroz eta Ignazio Lopez de Sabando.

Etxarri Aranazko odol-emaileen festa ospatu zen igandean. Odol-emaileen topaketak urteetan eskuzabalak izan direnen jarduna aitortzeko balio zuen ere. Odol-emaileen elkarteko, Adonako, eta Etxarriko Osasun etxeko larrialdietako mediku Pedro Eskirozek hitza hartu zuen ekitaldian: “Busti beharra dago, odola eman beharra dago. Odola ematea parte hartzeko modu bat da. Ahalegin txikia eskatzen du eta ekartzen duenak poz handia ematen du”. Horregatik, Eskirotzek “inguruan odol-emaileak egiteko” deia zabaldu zuen.

Sei odol-emailek jaso zuten aitortza. Alde batetik, 50 odol-emate egin dituzten Juan Manuel Araña Petriati, Luis Manuel Igoa Etxarri eta Adelaida Igoa Erdozia. Ez ziren ekitaldian izan. Haiek urrezko domina Nazioarteko Odol-Emaileen Egunean jasoko dute, garagarrilaren 14an, Iruñean eginen den ekitaldi batean. 25 alditan odola emateagatik zilarrezko domina eskuratu zuten, berriz: Jon Artieda Muguruza, Emeterio Senar Elso eta Victor Javier Jaka Garmendia. Azken horren ordez joandako ama, Asun Garmendia, eta arreba, Marga, izan ziren domina jaso zuten bakarrak. Bestalde, 42 urte egin ditu Ignazio Lopez de Sabandok Etxarriko Adonako ordezkari gisa. Ekitaldian bildutakoek txaloekin eskertu zuten bere lana.

Datuak
Adonaren Etxarri Aranazko ordezkaritzak 440 kide ditu. Joan den urtean odola estreinakoz 6k eman zuten. Haietatik 126k eman zuten odola joan den urtean, 2014an baino 28 gutxiago. Guztira 200 odol emate egin zituzten eta haietatik 34 besterik ez ziren atzera bota. Aurreko urtean autobusa Etxarrira beste behin etorri zenez, kopurua 111tan egin du behera. 194 odol-emate normalak izan ziren eta gainontzeko 6ak aferesi prozesua. Odola emateko tokiari dagokionez, etxarriar gehienek autohemoteka, Adonaren autobusa herrira etortzean eman zuten odola. 41 odol-emate besterik ez ziren beste tokiren batean egin.