David Jaime Deanen berri

Guaixe 2016ko api. 19a, 13:01

Bihar, 19:00etan, Etxarri Aranazko liburutegian Jose Mari Esparza Saralegik hari buruz idatzitako liburua aurkeztuko du.

Jose Mari Esparza Zabalegik liburua argitaratu duenean jakin izan du etxarriar eta sakandar askok David Jaime Dean urtetan Etxarrin bizi izan zela. Eta Errepublika ezartzean Nafarroako Diputazioko Kudeaketa Batzordeko kide izan zela Constantino Salinasekin batera. Edo erbestean diputazioaren ordezko zen Nafarroako Kontseiluko kide zela. Horren guztiaren eta gehiagoren berri jasotzen da Nuestro pueblo despertará. David Jaime y la República Vasconavarra liburuan. Esparzak berak asteazkenean liburua Etxarrin bertan aurkeztuko du, 19:00etan, liburutegian.

Esparzak berak aitortu digu miresmenetik idatzitako liburua dela. “Nafarroako errepublikazaleetatik pertsona interesgarriena da. Pasioz laiko, errepublikazale, ezkerreko, euskaldun eta autonomia galdu gabe Euskal Herri guztiarekin batua zegoen Nafarroa baten aldeko konpromisoa izan zuen”. Izquierda Republicanako kide, bere eta alderdikideen ibilbideek “autonomiaren eta euskal batasunaren gaia abertzaletasunaren monopolioa ez zirela izan erakusten digute” esan du Esparzak, gaineratuz, Daviden moduan, “asko izan ziren, ezkerretik, gizarte eta nazio gaiak eskutik zihoazela onartzen zutenak. Eta garesti ordaindu zuten”.

Idazleak dioenez, belaunaldi horren lekukotza “denek estali dute. Faszistendako benetako rojo-separatistak izan ziren. PNVren ideiekin ez zetorren bat. PSOErendako eta Espainiako ezkerrarendako historiako ahots ezerosoak dira, trantsizioan Nafarroa beste euskal lurraldeetatik banatzeko trantsizioan esandako gezur pila agerian uzten dituelako”.

Biografia laburra
Sortzez tafallarra zen diputazioko basozain baten semea zen David. Eugitik Sakanara bidali zuten aita alarguna, eta Etxarri Aranatzen kokatu ziren, semeak 14 urte zituela. Gazte euskalduna zen. Ikasketak Iruñean egin zituen eta hurbiltasunak Tafallarako joera zabaldu zion. Baina beste askok bezala Argentinako bidea hartu zuen. Eta hara joan zen gero bere emazte izanen zen Martina Larraza Mundate.

Bueltan etorriko ziren. Etxarrin estanko-denda jarri zuen Toribio etxean, kiosko parean. Martinaren anai Juanen zortzigarren alaba, Felipatxo, haiekin biziko da. Tafallara lekualdatuko dira, kooperatiba bateko idazkari izateko. Han kokatuko da, harik eta 1936ko estatu kolpeak hilabete luzez estalita bizitzera behartu eta nola edo hala Iparraldera pasatzea lortzen duen arte. 1949An hil zen eta Kanboko hilerrian eman zioten lur.