Elkartasun egunean auzipetuei babesa

Guaixe 2016ko api. 26a, 10:51

Elkartasun egunean, larunbatean, 600 bat pertsonak parte hartu zuten Xafan eta Joxe aske!Epaiketa politikorik ez leloa zuen manifestazioan. Akaberan Joxe Aldasorok eta Patxi Arratibelek hitza hartu zuten. Lehena 8/2013 sumarioan auzipetua dago beste zortzi euskal herritarrekin batera eta epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean maiatzaren 17an hasiko da. Hiru aste iraunen du. Epaiketari dagokionez, Aldasorok azaldu zuen AVT eta Dignidad y Justicia direla akusazio partikularrak eta azken horren dagoeneko aurreratu duela ez duela inolako aldeen arteko akordiorik nahi. Epaiketa eginen da, beraz.

Azken astean jendearengandik bi iritzi jaso dituela azaldu zuen Aldasorok: “nola liteke akordio hori sinatzea, ezker abertzalearen marra gorriak gainditzen ditu, prakak jaisten dituzte. Edo, zuri papera jarriz gero, sinatuko duzu, ezta, bestela tontoa zara!”. Ez bata ez bestea, argitu zuen Aldasorok. Gaurko egoeran jendea espetxera ez joateko sinatu dute batzuk, hori da garrantzitsuena. Gainontzeko preso politikoei modu onean eragiteko balio dezakelako”. Herrikoen eta Askapenako auzipetuek inolako akordiorik ez zutela bilatu gogoratu zuen. “Ez sinatzea, beste bidea bezain baliagarria izan daiteke”. Epaiketari begira, “herri bezala, bide guztiak esploratu beharra dugula uste dut”. Epaiketaren aurreko asteburuan ekitaldiak izanen direla aurreratu zuen Aldasorok.

Arratibelek sumarioa zabalik izan den bost urteetan jasotako babes guztiagatik “bihotzez” eskerrak eman zituen. Aldasororen epaiketari begira eginen diren deialdietan parte hartzeko gonbidapena luzatu zuen. Manifestazio akaberako ekitaldia, bi etxarriarren askatasuna aldarrikatzen duen eta makina bat sakandarren babesa jaso duen manifestuaren irakurketarekin despeditu zen.

Mobilizazio horrekin despeditu zen larunbaterako Etxarrin antolatutako Elkartasun eguna. Eguerdian Zorri Azoka izan zen. Ondoren izan zen elkartasun bazkarian 90 pertsona elkartu ziren. Herri kirol erakustaldia ere izan zen manifestazioaren aurretik.