EH Bilduko udal taldeak Aldasorori babesa azaldu dio

Guaixe 2016ko mai. 14a, 09:35

Joxe Aldasoro Jauregi zinegotziaren epaiketa dela eta Etxarri Aranazko EH Bilduren udal taldeak “babes osoa” azaldu dio hautetsiari, “askatasunez jarrai dezan bere jarduera politiko, sozial eta instituzional txukuna egiten”. Horregatik, Etxarriko EH Bilduko udal taldetik hainbat eskaera egin dituzte: “adierazpen askatasuna eta elkartze askatasuna berma dadila, eta inor ez dadila epaitua izan bere ideiengatik edo aktibitate politikoagatik”. Horrekin batera eskatu du “eskubide zibil eta politikoak bermatzen dituen marko juridikoa gara dadila, demokrazian eta askatasunean sakontzeko”. Eta exijitu du “tortura ahalbideratzen duen inkomunikazioa legez kanpo utz dadila”. Azkenik, “asteartean hasiko den epaiketa bertan behera gera dadila eta bertan inputatutako kideak libre gera daitezela” eskatu du Etxarriko EH Bilduko udal taldeak.

Koalizioaren zerrendan udal hauteskundeetan aurkeztu zirenen ustez etxarriarraren epaiketa “azken urteetan Audientzia Nazionalak indarrean jarritako hainbat makroprozesuetako bat da, non hainbat eta hainbat euskaldun epaituak izan diren zehaztasunik gabeko akusazioekin, funtsik gabeko inputazioekin, eta balorazio subjektibo eta politikoei lotutako arrazoibideekin”. Gaineratu dutenez, “prozesu horietan atxilotutako herritarrek ez-ohiko inkomunikazio aldiak pairatu dituzte, eta lekukotasunen arabera, akusazio horiek tortura fisiko eta psikologiko larrietan oinarritu dira”.