Laboral Kutxak euskara lehenetsiko du

Guaixe 2016ko uzt. 21a, 10:14
Etxarri ARanazko Udalaren izenean Aitor Karasatorre Mugurutzak sinatu zuen akordioa.

Kalitatearen osagai funtsezkoa da bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, Laboral Kutxak, Kutxabankek, eta 30 udalerri euskaldunetako alkateek finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu zuten asteartean. Bi finantza entitateek UEMAren irizpideekin bat egin, eta herri horietan dituzten bulegoetan euskara lehenetsiko dute. Etxarri Aranazko kasuan akordioa Josu Labakak (UEMAko lehendakaria), Marije Etxanizek (Laboral Kutxako Komunikazio eta Publizitate Departamentuko Zuzendaria) eta Aitor Karasatorre Mugurutzak (zinegotzia) sinatu zuten, bost urterako.

Aldeek aitortu dute, batetik, kalitatearen osagai funtsezkoa dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Bestetik, bi hizkuntza ofizialen artean desorekan dagoen hizkuntza ahula dela euskara eta, beraz, hau bultzatzeko neurriak hartzen dituztela, “euskara zabaldu eta sendotzeko asmoz”, “bezeroek euskaraz ahoz eta idatzi jarduteko duten eskubidea modu argi eta garbian” aitortuz.

Akordioan jaso dutenez, elkarren arteko harremanak, ahozkoak eta idatzizkoak, euskaraz izango dira. Horretarako, beharrezko diren baliabideak jarriko dituzte. Etxarriko kasuan Laboral Kutxak bezeroekin dituzten harremanetan euskararen presentzia bermatuko du. Horretarako, hainbat neurri hartuko dituzte. Batetik, langileak lan mota guztietan euskaraz jarduteko gai izanen dira; horretarako, etengabeko trebakuntza eta laguntzarako tresna informatikoak izanen dituzte. Bestetik, langile elebidunak izanen dira bulegoan.  

Aldi berean, bezeroari ahoz lehen hitza euskaraz eginen diote eta e-postako informazioa euskaraz edo elebietan bidaliko zaio, azken kasuan euskarari lehentasuna emanez. Produktu berri bat kontratatzera datorren bezeroari eskaintza euskaraz eginen diete eta dokumentuak euskaraz edo elebitan izanen dira. Bezeroendako zordunketa eta kreditu txartelak, nahiz bestelako txartel guztiak, euskaraz sortuko dira, kontrakoa eskatzen dutenei izan ezik. Urtean zehar ematen diren zerbitzu bereziak –errenta aitorpenaren kanpaina, esaterako– euskaraz izan daitezen, beharrezkoak diren baliabideak jarriko dituzte langileen zein herritarren eskura.

Bestetik, bi finantza erakundeek, kanpainen bidez, haien zerbitzuak euskaraz erabiltzeko deia eginen diete bezeroei urtero. Kutxazainen pantailetan azaltzen den sarrerako mezu sorta euskaraz izanen da. Aldi berean, bulegoko kartelen %75  gutxienez euskaraz jarriko dira, bai barrura eta bai kanpoaldera begira. Bulegoek bestelako argitalpenetan egiten duten publizitatea euskaraz jarriko da, Esku orriak elebitan egongo dira, euskarari lehentasuna emanda.

Adierazpenak
Labakak nabarmendu duenez, hitzarmenaren mamiak euskararen aldeko hizkuntza politika ausarta erakusten du. “Erakunde publiko guztiek hizkuntza eskubideak bermatzeko hartu beharko lituzketen konpromisoak ageri dira bi finantza erakunde hauekin sinatzen dugun hitzarmenean. Zentzu horretan, jarrera eredugarria da”, adierazi zuen.

Laboral Kutxako Marije Etxanizek udal guztiei eta bidelagunei eskerrak eman dizkie euskararen normalizazioan egiten ari diren lanagatik.“Euskarari dagokionean, lehiakorra ez den elkarlana sustatu behar dugu” nabarmendu du, eta zentzu horretan sinadura ekitaldiko agerraldia pozgarria ez ezik eredugarria ere badela adierazi zuen. Sinatutako konpromisoekin, “iniziatiba hartu eta erraztasunak eman nahi dizkiogu gero eta euskaldunagoa den gizarte honi”.

Kutxabankeko Eduardo Ruiz de Gordejuelak “kalitatezko zerbitzua bezeroaren hizkuntza hautua errespetatzearekin estuki lotuta” dagoela nabarmendu zuen, eta hori bermatzeko UEMAk egindako lana “eskertu, txalotu eta aitortu” zuen.