Indarkeria matxistari erantzuteko protokoloa onartu du Udalak

Guaixe 2016ko uzt. 29a, 08:36

Garilaren 22ko osoko bilkuran onartu zen, aho batez.

Garilaren 22ko osoko bilkuran Etxarriko Udalak eraso matxisten kontrako protokoloa onartu zuen, aho batez. Aipatu protokoloa EH Bilduk eskualde mailan landutakoa da eta EH Bilduk aurkeztu zuen. Indarkeria matxista gertatzen den kasu guztietan Udalak eman beharreko erantzuna zehazten du protokoloak.

Protokoloak jasotzen du indarkeria matxistaren aurrean Udalak jarrera aktiboa izan behar duela, “salaketa irmoa eta erabatekoa” egin behar duela “eguneroko eraso, zein eraso larri edo erailketa matxisten aurrean argi izan dezagun zer egin, gure erantzuna bateratua eta sendoa izan dadin”. Onartutako protokolo honen helburua da indarkeria matxistaren adierazpen larrienei erantzuteko urratsak eta egitekoak finkatzea. “Indarkeria matxista hamaika eratan ager daitekeen arren, eta hauek jomugan izango baditugu ere, kanpora begira erantzuteko orduan erasorik larrienetan jarriko dugu arreta oraingoz, hots, erailketa eta eraso larri gisa ezaugarritu ditugunetan: bortxaketa, eraso fisiko larria…”.

Indarkeria matxistari erantzuteko protokoloa
Berdintasunerako zinegotzia edo alkatea izango da gai honetaz arduratuko den pertsona erreferentea Etxarri Aranazko Udalean. Eraso matxista larriak gertatzen badira, adierazpen publikorik egin aurretik informazioa jaso beharko du Udalak, emakumeari babesa adierazi eta laguntza eskaini, eta eman beharreko erantzuna prestatzeari begira, erasoa jasan duen emakumearen borondatea kontuan hartu beharko du. Jakina, kontu handiz prestatu beharko da salaketa, erasoa jasan duen emakumearen identitatea eta intimitatea babesteko. Fokua erasotzailearengan jarri beharko da, eta ez alderantziz.

Erasoa gertatzean, gertatutakoa Udaleko pertsona erreferenteari jakinarazi beharko zaio eta Emergentzia Gunea osatu beharko da. Bertan zentralizatuko da informazio guztia eta bertatik bideratuko da protokoloa. Herriko mugimendu feministekin harremanetan jarriko da Udala, elkarlanean aritzeko. Udalaren erabakia mugimendu feministekin kontrastatua izan beharko da. Komunikabideen aurrean ez da Udalaren aldetik bat-bateko erantzunik emango jasotako informazioa egiaztatu arte. Udala gainerako erakundeekin koordinatuko da eta emakumearekin edo honen inguru hurbilarekin harremanetan jarriko da, hark eskura izan ditzakeen baliabideen berri emateko: laguntza legala, laguntza psikologikoa krisi egoeretarako, laguntza ekonomikoa, beharrezkoa bada, eta abar.

Ondoren, adierazpen instituzionala landuko da. Mugimendu feministarekin harremanetan jarrita, deialdi bateratua egingo da. Eta udalbatza berezia deituko da, adierazpen instituzionala onartu eta mobilizaziorako deialdia egiteko. Mobilizazio horietan parte hartuko du Udalak, eta udaletxearen fatxadan ikurren bat jarriko da. Udalak, gainera, akusazio gisa jokatuko duen aztertu beharko du. Bukaeran, prozesuaren eta protokoloaren balorazioa eginen da.

Erailketa matxista gertatzen bada, aurrekoez gainera, emakumearen inguru hurbilarekin harremanetan jarriko da Udala, behar duten laguntza eskaintzeko: laguntza legala, psikologikoa krisi egoeretarako, laguntza ekonomikoa, beharrezkoa bada, eta gorpua aberriratu behar bada, laguntza eman.