XXX. Iruñeko Itzuliko 2. etapa Etxarrin jokatuko da

Guaixe 2016ko uzt. 29a, 14:18

Agorrilaren 4an, ostegunean, 17:00etan

Etxarri Aranazko festetan, hirugarren urtez jarraian, jubenilen mailako Iruñeko Itzuliko etapa jokatuko da. Zehazki XXX. Iruñeko Itzuliko 2. etapa hartuko du Etxarrik agorrilaren 4an, ostegunarekin. Txirrindulariek 17:00etan ekingo diote Etxarri Aranazko Sari Nagusiari. Iruñeko Itzulia Ermitagaña klubak eta Nafarroako Txirrindularitza Federazioak antolatzen dute, baina Etxarri Aranazko etapan Aralar Txirrindularitza Kluba ere ariko da antolakuntza lanetan.

4 eguneko itzulia
Juniorren 30. Iruñeko Itzulia agorrilaren 3an hasiko da, asteazkenean, Galaria industrialdeko Leclerc parean hasi eta Mutiloan despedituko den etaparekin (86,7 km). Bigarren etapa Etxarrikoa izango da (89,26 km), ostegunekoa, eta hirugarrena Sarrigurenen jokatuko da (84,4 km), ostiralarekin. Laugarren eta azken etapa agorrilaren 6an jokatuko da, larunbatean, Iruñeko udaletxetik, Santo Domingo kaletik aterata, eta El Redinen despedituko dena (83,5 km). 33 talde lehiatuko dira, 19 euskaldunak.
Aurreko urtean Huesca La Magia taldeko Francisco Galvanek irabazi zuen Iruñeko Itzulia. Quesos Albeniz taldeko Eneko Aramendia iturmendiarra laugarrena sailkatu zen, lehen nafarra. Etxarri Aranazko iazko etapa esprintean erabaki zen eta Asesores Navarra taldeko Alejandro Gomiz gailendu zen. Aurten Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko txirrindulariak arituko dira Iruñeko Itzulian eta ahalik eta lan onena egitea, hori izango da euren asmoa.

Etxarri: bi aldiz igoko dute Lizarragako Katea
Ibilbidea aurreko urteko bera izanen da. Ostegunean, 17:00etan Etxarritik aterata, Arbizura joango dira, Lizarragabengoatik pasa eta berriz atzera Etxarrira; ondoren, Etxarren Arakilera joko dute, buelta hartu eta Arbizutik atzera ere Lizarragabengoatik pasatuz Etxarritik Lizarragarantz eginen dute, Lizarragako portua igo eta Arbizutik jaitsiko dira; handik Lizarragabengoara eta Etxarritik Lizarraga aldera joko dute bigarrenez, Unanura heldu eta berriz ere Arbizura; Lizarragabengoatik pasa eta gero, Etxarri Aranazko helmuga izango dute helburu txirrindulariek, 89 km-ko proba gogorra osatuta.

Lakuntzan kadeteen XXV. Lakuntzako Saria-Sakana Fundizioa Sari Nagusia
Lakuntzako festetan, hirugarren urtez jarraian, kadeteen mailako lasterketa jokatuko da. Agorrilaren 30ean jokatuko da proba, asteartearekin, 17:00etan, XXVI. Lakuntzako Saria-Sakana Fundizioa Sari Nagusia izango dena. 60 km-ko proba izango da, Lakuntzan hasi eta despedituko dena eta Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria izango dena. Lakuntza, Arruazu, Arbizu eta Etxarri Aranatz artean burutuko da proba, eta Etxarritik behin Katerainoko bidegurutzera igoko dira, Arbizutik jaisteko.

Gainontzeko lasterketak
Sakanan jokatuko diren aipatu proba horietaz gain, kadeteek agorrilaren 2an lasterketa izanen dute Mutiloan, agorrilaren 13an Legarian, agorrilaren 14an Undianon, agorrilaren 17an Los Arcosen, agorrilaren 19an Tafallan eta agorrilaren 28an Murietan. Iruñeko Itzuliaz aparte, junior mailakoek agorrilaren 16an proba dute Villatuertan, agorrilaren 24an Dicastillon eta agorrilaren 29an Obanosen.