Gaztetxokoa berriro ere martxan da

Guaixe 2016ko urr. 21a, 12:42
Gazte etxarriarrak gaztetxokoak. Argazkia: Utzitakoa.

Lastailetik maiatzera, zabalik egonen da; larunbatetan, 17:00etatik 21:00etara, eta igandetan, 17:00etatik 20:30era.

Bigarren denboraldiari ekin dio Etxarriko gaztetxokoak. Joan den asteburuan gazteendako ate irekien jardunaldia antolatu zen eta hilaren 31a arte, matrikulazio epea zabalik dago. Gaztetxokoa denboraldi guztian erabili nahi duenak 30 euro ordaindu behar ditu. Familia ugariek, guraso-bakarreko familiek edota biolentzia matxista jasan dutenek, %20ko beherapena izanen dute. Matrikula gaztetxokoan bertan edo udaletxean egin daiteke.

Etxarriko gaztetxokoa, 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, neska-mutilak neguko asteburuetan egoteko eta ongi pasatzeko toki bat izan dezaten nahi da. Gaztetxokoa, meistru-maistran etxeko sotoan kokatua dago. Udalak, aisialdirako begirale bat kontratatu du gaztetxokoan lan egiteko. Horretarako, lan poltsa bat osatu du.

Gaztetxokora hurbiltzen diren gazteek, begiralearekin batera adostuko dituzte bertan bete beharreko arauak eta baita asteburuko jarduerak ere. Beti ere, denbora librea eta gidatutako tailerrak txandatuz. Bertan, mahai joko desberdinak, futbolina eta ping-ponga daude. Pelikulak ikusteko eta hitzaldi eta tailer desberdinak lantzeko txoko desberdinak ere badaude.

Batzordea
Gaztetxokoaren proiektua aurrera eramateko batzorde bat osatu zuen udalak. Bertan daude begiralea, alkatea eta zinegotziak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako prebentzio eta drogamenpekotasun hezitzailea eta Kultur, Kirol eta Gazteria teknikaria ere. Batzordeak, gaztetxokoaren nondik norakoak eta bertako joan etorrien jarraipena egiten du. Kide guztien arteko koordinazio lana batez ere. Bestalde, hilaren 13an, gurasoekin bilera egin zuen, azpiegituraren helburu eta ildo nagusi azaltzeko.

Gaztetxokoa martxan jarri aurretik, joan zen urtean bezala aurten ere, ikastetxeen bitartez, 12 eta 16 urte bitarteko etxarriar gazte guztiei gaztetxokoari buruzko inkesta bat betetzeko eskatu zaie. Inkestaren arabera, %83a kokapenarekin ados dago eta %63ak asteburuetan zabalik egotearen alde azaldu da.