Torturaren salaketa

Guaixe 2017ko ots. 10a, 11:00
AEMren aurreko agerraldia.

Nafarroako Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako Mugimenduak (AEM) tortura salatzeko  hitzaldia eta kontzentrazioa antolatu ditu biharko. 11:00etan hasita, kultur etxean tortura hizpide izanen dute Nerea Zabalak (Josu Zabala, Basajaunen, senidea), psikologo batek eta Nerea Olaziregik (1997an Guardia Civilak atxilotua). Hitzaldiaren ondoren, tortura salatuko duen kontzentrazioa deitu dute, 13:00etan, plazan.

Euskal Herriko torturaren kontrako eguna astelehenean izanen da, poliziaren torturen ondoren Joxe Arregi Madrilgo ospitale batean hil zela 36 urte betetzen direnean. AEMk antolatutako ekimenen bidez egunarekin bat egin nahi du. Mugimenduko kideek gaztigatu dutenez, “militar-okupazioa eta tortura historikoki elkarren eskutik joan diren bi errealitate gordin dira”. Tortura “praktika sistematiko bat” dela eta “helburu politikoekin erabili” dela nabarmendu dute.

Azken 50 urteetan Euskal Herrian 10.000 tortura kasu baino gehiago dokumentatu direla gaztigatu dute. AEMkoendako “larriena torturaren praktikak izan duen babesa eta zigorgabetasuna dira. Tortura delitu bada ere, estatuak torturatzaileak babestu eta saritu ditu, eta bere praktika legitimatu du”. Azkenik, gaineratu dute “torturatzaileak kalean diren bitartean hainbat pertsona preso segitzen dute torturapean lortutako informazioak baliozko frogatzat emanda”.