Etxarriko plazaren inguruko parte hartze prozesua

Plaza hobetzeko parte hartze prozesua martxan jarri da

Guaixe 2017ko ots. 28a, 14:45
Etxarriko plazako ikuspegia.

Galdera-sorta bat erantzun eta bi batzarretan parte hartzeko gonbidapena egin du udalak.

Etxarriarren artean plazan estalope bat egiteko komenigarritasuna hizketa gaia izan da askotan. Batez ere, eguraldi txarra egiten duenean non estali izateko izateko, edo plazan antolatu diren ekitaldiak bertan behera gelditu direlako. Arazo horiek ere udaleko festa, iyote eta feria batzordeetan azaldu dira. Horrekin batera, udalean konturatu dira Larrañeta kalean, Iturri Eder ingurua eta frontoiaren parean, gero eta mugikortasun arazo gehiago izaten ari direla. Ibilgailuen eta oinezkoen espazioa ez dago behar bezala antolatuta.

Horregatik, udalak etxarriarren iritzia jakiteko parte hartze prozesua jarri du martxan. Etxarriar guztiek galde-sorta bati erantzuteko aukera izanen dute. Galdetegiak plazako estalpe posibleari buruzko sei galdera eta  Larrañeta kaleko mugikortasunari buruzko beste bi galdera ditu. Galdera sortak gaurtik martxoaren 13ra arte erantzun daitezke. Galdetegiak10:00etatik 14:00etara udaletxean eta 16:30etik 20:30era liburutegian eskuratu daitezke.  

Gainera, ondoren bi batzar eginen dira. Aurrenekora joaten direnek zer du hobetzeko gure plazak eta inguruak? galderari erantzuna ematen saiatuko dira. Martxoaren 16an izanen da batzar hori eta bi aste geroago, martxoaren 30ean, plazan estalope bat eginen dugu? Non? galderak izanen dira erantzun beharrekoak. Bi batzarrak ostegunean dira, 17:30ean, udaletxean. Bietan haurtzaindegi zerbitzua izanen da. “Udal-erabakia galdeketan jasotakoa iritzietan eta tailerretan adostutako proposamenetan oinarrituko da”, jakinarazi du Eneka Maiz Ulaiar alkateak. Udalak talde eragile bat sortu du prozesua bideratzeko. Bestalde, parte-hartze prozesua zerbitzu espezializatu batek dinamizatuko du.

Inkesta