Saats Karasatorre bertsotan.

Hainbat bertsolari gazteren plazarako saltoa izan da Bardoak, Nafarroako bertso ekimena. Horietako bat da Saats Karasatorre. Bardoak ekimenaren bigarren edizioan, 2014an parte hartu zuen. Ordutik lehiaketa eta saioetan esperientzia pilatu egin du eta 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketan merezimendu osoz ariko da, Karasatorre izan baitzen abenduan jokatutako kanporaketa irabazi zuena.

Karasatorre laugarren final-laurdenean ariko da bertsotan, Iruritan, larunbatean. Eta berarekin batera Oskar Estanga, Julen Zelaieta, Amaia Elizagoien, Josu Sanjurjo eta Ekaitz Astiz izanen dira. Egin beharko duten lana honakoa da: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian eta kartzelako lana (banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian eta banaka, gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian).