Imanol Erbiti zazpigarrena Flandiako Tourrean

Guaixe 2016ko api. 4a, 09:49

Harresien lasterketa famatuan Top Tenean sailkatzen den lehen nafarra da Hiriberrikoa

Igandean 100. Flandiako Tourra jokatu zen, sei ordu pasako proba ikusgarria, harresien edo murruen lasterketa. Peter Saganek irabazi zuen proba, helmugarako 13 kilometroren faltan Patenbergeko galtzadarrien azken eremuan sekulako erasoa jo eta gero. Fabian Cancellara Sagan segitzen saiatu zen, baina ezin. Azkenean, Peter Sagan iritsi zen bakarrik helmugara (6:10:37). Cancellara 25 segundora sartu zen.

Movistar Team taldeko Imanol Erbitik lan bikaina egin zuen eta zazpigarrena sailkatu zen, 48 segundora. Orain arte soilik Estatu espainoleko jokalari batek lortu zuen Top Tenean edo lehendabiziko 10 postuetan sailkatzea, Juan Antonio Flechak. Beraz, Hiriberrikoak lortutakoa ez da gauza makala. “Nekatua sentitzen naiz, baina egun hau omenaldi bat bezalakoa da niretzat. Murruetan aurrean egon ahal izatea, giroaz gozatzea… izugarria da. Esfortzua ikaragarrizkoa izan da” azaldu zuen Erbitik. Erbiti eguneko ihesaldian sartu zen, helmugarako 180 kilometro baino gehiago falta zirela, probako lehendabiziko harresietan.