Erbiti Olinpiadetara

Guaixe 2016ko uzt. 19a, 11:16

Hiriberrikoak Ion Izagirre, Jonathan Castroviejo, Alejandro Valverde eta Joaquim Rodriguezekin osatuko du taldea, Rioko Olinpiadetan lineako proban aritzeko

Movistar Team taldean dabilen Imanol Erbiti txirrindulari arakildarra Rio de Janeiroko Olinpiadetan ariko da. Espainiako selekzioko Javier Minguez selekzionatzaileak Imanol Erbiti, Ion Izagirre eta Jonathan Castroviejo txirrindulariak hautatu ditu Alejandro Valverde eta Joaquim “Purito” Rodriguez liderren aldeko talde lanak egiteko. Agorrilaren 6an lehiatuko dira, Rioko Olinpiaden linea txirrindularitza proban. Aipatu bost txirrindulariek garilaren 30ean Donostian jokatuko den Klasikoan parte hartuko dute eta hurrengo egunean hartuko dute Rioko bidea. Erbitik azaldu du “sorpresarekin eta poztasun handiarekin” hartu duela Olinpiadetan parte hartzeko deialdia. “Banekien Riora joateko aukeraren bat bazegoela baina ez nuen ilusiorik egin nahi, dagoen maila oso altua delako. Ez nuen espero eta deialdia sorpresa handia izan da, poz handia sortu dit. Olinpiadetan parte hartzearekin oso emozionatuta nago, kirolari batendako zitarik garrantzitsuenetakoa baita” gaineratu du Erbitik. Erbitiren esanetan beraiena garaipenagatik borrokatzeko talde garrantzitsuenetako bat izango da.

Egun Frantziako Tourrean lehiatzen ari da Imanol Erbiti, Jose Luis Arrieta entrenatzaile uhartearraren esanetara. Gaur Bernan atsedenaldia hartuko dute txirrindulariek, bihartik aurrera Alpeetan murgildu baino lehen.