2016ko inauteriak Sakanan

Ihote ospakizuna bihar-etzi

Guaixe 2016ko ots. 12a, 10:30

Ihabardarrak ihoteei eskainiko diete asteburu hau. Baserritarrez jantzitako gazteek puska biltzeari ekinen diote bihar, 11:00etan. Gazteek jasotako puska horiek bihar eta etziko bazkarietako menua izanen dira. Mahaira Gure Kabiya elkartean eseriko dira ihote segiziokoak. Larunbatean, bazkaldu eta gero, 18:00ak aldera, moxorroek etxez etxeko erronda eginen dute. Eskutan zigorra eta beste eramanen dituzte. Haiekin bidean opatzen dituztenak berotu eta zikinduko dituzte. Erronda despeditzean herri afaria eta dantzaldia izanen dira.

Igandean ihote segizioko gazteak bazkaltzera elkartuko dira. Iluntzean Ihabarra urteroko bisita eginen du Aitezarkoak, Landarrak eta Niniak osatutako familiak. Eta haiekin batera hartzak. Moxorroak eta txistulariak lagun dituztela kalejira eginen dute. Plazan Aitezarko gaizkoaren epaia beteko da, sutan erretzea, Landarra negar batean gelditzen den bitartean. Gaiztakeria garaitu ondoren, ihotea despeditzeko, ihabardarrek otamena izanen dute.